Aurtengo negua luzea izan bada ere, herria loratzen dago berriro eta hasi da herritarron bizipoza egunerokoan igartzen. Hala, Pentekoste jaiei ongietorria egiteko gogoz gaude. Jai kuttunak dira bergararrontzat eta udaren atari ere.

Bergara herri ekimentsua eta historia, kultura eta jakinduriaz jantzitakoa da; eta aurrera begira jarraitzen dugu. Bide horretan bidailagun dugun Miguel Altuna Lanbide Heziketak 90 urte bete ditu aurten, eta berari eman diogu jaietako txupinazioa botatzeko ardura. Batera bidea egiten jarraituko dugu.

Bestalde, aurten Bergararen Hiri-gutuna banatu zeneko 750. urteurrena betetzen da. Urteurren horrek balio behar du gure aurrekariek landutakoa gogoratzeko, baina batez ere etorriko direnen bizi kalitatea hobetzeko, eta Bergara ezagutzen ez dutenei gu bisitatu eta ezagutzeko gonbidapena egiteko. Jaietara etortzea aitzakia ona da!

Eragile askorekin lankidetzan, Pentekoste jaien egitarau borobila osatu dugu, adin eta gustu oso desberdinak asetzeko eta bergararron parte-hartzea areagotzeko. Hauxe programa: pentekosteak18_2.pdf

Bergararrok beti izan dugu jaiez gozatzeko izaera propioa, sanoa eta alaia. Hala ere, indartu nahi izan ditugu kontsumo arduratsuaren eta berdintasun jarreren aldeko mezuak. Ondo pasau Pentekosteak!

Berdintasuna

Berdintasunari erreparatu nahi izan diogu. Horretarako, lehen aldiz jaietako egitarauan espreski emakume zein gizonezkoei zuzendutako aholkuak txertatu dira; edozein erasoren aurrekoak –isilekoak zein agerikoak- nola jokatu jakiteko. Aholku horiek whattsappez ere zabalduko dira. Eta etzi, larunbata, Autodefentsa feminista tailerra egingo da Agorrosinen. Bihar da izena emateko azkeneko eguna.

Prebentzioa

Prebentzioari dagokionez, Lankurekin lankidetzan ‘Edan? Hartu? Hausnartu!’ leloa sortu da eta oso gaur egungoa den bertso batekin lagunduta dator. Horrekin lotuta, ikastetxe eta osasun zentroarekin batera gutuna bidali diegu gurasoei kontsumo eta ohitura arduratsuak bultzatzeko.

Parte-hartzea

Egitarauan murgilduta azpimarratu nahiko genuke berau osatzeko parte-hartzea are eta gehiago areagotu da. Hala, eragile desberdinekin banakako batzarrak egin diraekarpenak jasotzeko, eta gero horiek guztiak Jai batzordera eraman dira. Emaitza begi bistan dago.

Aurrekontua 130.000 eurokoa da, eta egitarauan desglosatuta dituzue gastu guztiak.

Bergararrak protagonista

Parte-hartze horren ondorio da, besteak beste, bergararrontzat bai, baina gainera bergararrok egindako ekitaldi ugari izango direla. Musikaren kasuan, esaterako, bergararrak dira nagusi: Nomadak Bergarako taldea da, Garilak 26en bergararrak daude, baita Aukeran Dantza Taldean eta Oihan Vega DJa ere. Ezin ahaztu, Low Cost taldea: nabarmentzekoa da Bergarako talde horretako kideak etorri zirela Udaletxera beraien burua aurkezten eta jai batzordeak kontratatzea erabaki zuela.

Eta parte-hartzeari tiraka, urte asko dira foro desberdinetan herritarrek Gatibu taldea ekartzea eskatzen dutela. Bada, aurten San Martin plazan izango da taldea.

Bergara Hiria emakumeen pilota txapelketa ere lehen aldiz egingo da.

Azalaren egilea

Jai egitarauko azala Aitor Marauri bergararrak egin du. Aurten 17 lan jaso dira, eta Aroztegin zein udal webgunean ikusgai egon diren astebetean 321 pertsonek hartu dute parte bozketan.

Aipatutako ñabardurez gain, ez dira faltako urteroko klasikoak diren ekitaldiak, eta herriak hainbeste gozatzen dituenak: Bandaren kontzertua, bakailao lehiaketa, errekortadoreak, plastiketa hariketa, dantzaldiak, herri kirolak, erromeriak, jolas-parkea, mariatxiak, pilota partiduak, besteak beste.

Berrikuntza gehiago

Larunbateko bigantxak 9:00etatik 12:00etara pasatu dira, gaztetxoenek ere disfrutatu ahal ditzaten.

Beart-ek urtero antolatzen duen plastika igandera aldatu da.

Erraldoien topaketa berezia: larunbatean bertan izango dira Reus, Artika, Berriozar, Ondarru eta Bergarako erraldoi konpartsak.

Gimnasia Erritmiko taldeak erakustaldia egingo du lehen aldiz, igandean izango da.

San Joxepe elkarteak iaz antolatutako bolo, toka eta igel jokoen txapelketari segida eman dio eta, gainera, aurten bazkaria antolatu du.

Goitibehera txapelketa berriro antolatu da. Iaz eguraldiak kaltetu zuen eta San Martinetan egin zen.

Azkenik, gogoratu herri bazkarirako zein guraso eta umeen parrilladarako txartelak salgai daudela. Lehenak gaur, osteguna, jarriko dira salgai Seminarixoko txarteldegian 18:00etatik 20:00etara; eta parrilladakoak azokako Izotz postuan eskuratu daitezke.

Eranskinak: