Erremontea berpizten ari den pilota modalitatea da, eta Euskal Erremonte Fundazioak horretan lanean dihardu. 2009an Erremonte torneoa antolatu zen Bergaran, eta 2010ean Gipuzkoako finala. Oraingoan ere Udalak eta Erremonte Fundazioak hitzarmena egin dute, erremontea ahalik eta udalerri gehiagotan ezagutzera emateko eta Bergarara ekartzeko.

Ostiral honetan, maiatzak 4, Gipuzkoako Erremonte Kopako finalerdia jokatuko da Aizarnazabalen; eta igandean, maiatzak 6, finala Bergaran. 17:00etan Erremonteko gazte promesak lehiatuko dira (Juanenea-Zubiri eta Ansa II eta Zaldua). Horren ostean, Gipuzkoako finala jokatuko da 35 tantutara.

Euskal Erremonte Fundazioko gerente Jaime Agirrek eskertu du Bergarako Udala emandako babesagatik eta gogoratu du Bergaran jendetza batu izan dela Erremonte partiduetan. "Kontuan izanda Erremontea frontoi luzeetan jokatzen dela, Bergarako Udal Pilotalekuan jokatzeak baditu berezitasun batzuk; batez ere, joko oso azkarra eta bizia izango dela. Ikuskizuna izango da".

Elena Lete alkateak gonbidatu ditu bergararrak eta debagoiendarrak Erremontea ezagutu eta ikuskizunaz gozatzera. Partiduak ikusteko sarrera doan izango da, eta txarteldegian bertan eskuratu ahal izango da aforoa bete arte.

Arloa: