Joan den ostiralean eman zitzaion hasiera CIC nanoGUNEk eta Bergarako Udalak antolatutako '10alamenos9' nanozientzia eta nanoteknologia jaialdiari. Aurkezpen ekitaldian esku hartu zuten Elena Lete alkateak, Sabino Azcarate Turismo eta Garapen zinegotziak, CIC nanoGUNEko komunikazio arduradun Itziar Otegik eta CIC nanoGUNEko ikertzaile buru Luis Huesok.

'10alamenos9' jaialdiaren helburua da eskala nanometrikoa eta haren eraginak adin guztietarako publikoari hurbiltzea modu erraz batean. Horren baitan, Laboratorium museoan dagoeneko ikusgai dago 'Ibilaldi bat nanomunduan barrena' erakusketa. Bertan nanozientzia eta nanoteknoloagiaren egileak, lanabesak, emaitzak eta artelanak ezagutzeko aukera dago. Erakusketa maiatzaren 6ra arte egongo da ikusgai, eta bisita gidatuak izango dira martxoaren 30ean eta 31n, apirilaren 6, 13, 15 eta 28an, eta maiatzaren 5ean.

Horrez gain, Laborategitik supermerkatura tailerra ere antolatu dute. Hala, Bergarako Batxilergo 1eko ikasleek parte hartuko dute, Aranzadi eta Ipintzakoek; eta guztira 120 ikasle arituko dira tailerrean.

Azkenik, apirilaren 12an bi ikertzailek bi hitzaldi emango dituzte Laboratorium museoan, 19:00etan: 'Mikroelektronikatik nanoelektronikara: gailu txikien iraultza' Edurne Sagastaren eskutik; eta 'Antzinako proteinak berpizten' Nerea Barruetabeñaren eskutik.