Pentekoste jaietan eraso matxistei aurre egin asmoz, Bergarako Udalak eta herriko mugimendu feministak ‘Aske Maite Haut’ kanpaina aurkeztu dute asteazken honetan ospatutako prentsaurreko batean. Izan ere, jaietan indarkeria matxista prebenitzeko eta artatzeko gida bat aurkeztu dute bi aldeek.

Maiatzak 17, 18 eta 20ean eraso matxisten aurrean arreta eta esku-hartzeko gunea  eskainiko da 22:00etatik 06:00etara bitartean Irizar Jauregian (Barrenkalea, 33). Bertan, hasierako arreta emozionala eta laguntza, eskubideei buruzko informazio egokia eta aholkularitza, eta autodefentsa feministari buruzko informazioa eskainiko da. Telefono zenbakia, berriz, 747 448 456 izango da.

Agerraldian, Ainhoa Lete zinegotziak mugimendu feministarekin egindako elkarlana goraipatu nahi izan du: “Bergarako Udalaren eta herriko Mugimendu Feministaren arteko lankidetza estua nabarmendu nahi dugu. Genero berdintasuna eta indarkeria matxistaren aurkako borroka lehentasunezkoak diren momentu honetan, aliantza hau funtsezko zutabea da gizarte justuago baterantz aurrera egiteko”.

Horrez gain, Bergarako Udala jaietarako eta aisialdi guneetarako protokolo bat prestatzen ari da. Protokoloa lantzen den bitartean, aurtengo jaietarako eraso matxistei aurre egiteko gida bat aurkeztu du. Bertan, besteak beste, norberak erasoren bat jaso badu edo erasoren baten lekuko izan bada jarraitu beharreko argibideak zehazten dira.

 

ARRETA BALIABIDEAK:

Udaltzaingoak

943 77 91 06 edo 092

San Martin Agirre Plaza, 1, 20570 Bergara, Gipuzkoa.

Anbulategia

943 03 54 00

Paseo Boni Laskurain, 11, 20570 Bergara, Gipuzkoa.

Udaleko gizarte zerbitzuak

Astelehenetik ostiralera:

8:30-13:30 // 943 77 91 00

ongizatea@bergara.eus

Arreta gunea

(Bakarrik San Martinetan eta Pentekosteetan)

Ordutegi mugatua 22:00 - 6:00

747 448 456

Irizar Jauregia (Barrenkalea 33)

Bergarar estimatuak,

Urtero bezala, udaberriak aurrera egin ahala Pentekosteak heltzen zaizkigu Bergarara. Egun batzuez, ardurak eta ezinegonak albo batera utzi eta gure herriko jaiez gozatzeko ahalegina egiten dugu guztiok, izan ere, komunitate bezala batzen gaituzten loturak elkartzeko, ospatzeko eta sendotzeko uneak izaten dira. Ez dakizue zein ederra den txupinazoan udaletxeko balkoitik zuen irrifarrak ikustea.

Pentekosteak gogo biziz eta alaitasunez gozatzera gonbidatu nahi zaituztet. Izan ere, zuok gabe guzti honek zentzua galtzen du, Pentekosteak herritik eta herriarentzat direlako, eta zuen partehartzea funtsezkoa da jai hauek benetan gogoangarri bihurtzeko.

Egun berezi hauetan ezin dut nabarmendu gabe utzi Jai Batzordeak eta jaien bueltan lanean aritzen zaretenon lan izugarria. Lan nekaezin horri esker, geroz eta jai inklusiboagoak, anitzagoak eta partehartzaileagoak ditugu gurean. Bergaran gure komunitatearekiko daukagun konpromisoa azalezina da, eta zuek guztiok horren adibide zarete. Udaletik gure esker on eta miresmen guztia daukazue.

Bestalde, ospakizun egun hauetan elkarrenganako errespetuak daukan garrantzia gogorarazi nahi dut. Gozamenaren erdian, gogora dezagun ingurukoekiko errespetua funtsezkoa dela. Bihurtu ditzagun jai guneak denontzako espazio seguru eta abegikorrak. Eta ez dezagun ahaztu: Soilik Bai da Baietz.

Bukatzeko, azken mezu bat: Goza ditzagun Pentekosteak eta sor ditzagun ahaztezinak izango diren momentuak. Barre eta dantza egin, gozatu familia eta lagunekin, sendotu gure arteko loturak eta, posible bada, ahaztu eguneroko arazo eta buruhausteak. Aurtengoa ere sekulakoa izango da, seguru nago.

Osasuna eta poza guztiontzat! Gora Bergara eta gora Pentekosteak!

 

Adeitasunez,

 

Gorka Artola

2023an hasi eta 2024an jarraipena izango duen Erremontari Herriz Herri proiektuak aukera paregabea eskainiko digu Euskal Herriko hainbat herrietara iristeko. ETBren laguntzarekin, Erremontari saioak erremontea euskal herritarren artean ezagunago egitea lortu du. Hori dela eta, erremontea beste herri batzuetara zabaldu nahi izan dugu, jendeari kirol hau modu zuzenean eta ikusgarrian ezagutzeko aukera emanez.

Proiektu honen arrakasta ikusita, aurten urrats bat gehiago eman dugu, eta, zorionez, 17 herritara zabalduko da erremontea. Hona hemen proiektua babestu eta bultzatu nahi izan duten herriak: Aizarnazabal, Bergara, Urnieta, Lekunberri, Andoain, Hondarribia, Ordizia, Altsasu, Pasaia, Zumarraga, Villabona, Hernani, Beasain, Arrasate, Zestoa, Errenteria eta Zumaia.

Aurten, herri bakoitzak bere egutegira egokituko du Erremontari Herriz Herri jaialdia, festa garaian edo herriko ekintza bereziren batean. Gure helburu nagusia erremontea zabaltzea eta jendearengana hurbiltzea izanik, jaialdiak doakoak izango dira, ezagutza prozesua errazteko asmoarekin.

Jaialdi bakoitzean bi partida jokatuko dira set formatuan. Gainera, Oriamendik herri bakoitzarekin elkarlanean, diseinu bereizgarriak eta pertsonalizatuak sortuko ditugu, komunikazioa hobetzeko. Aurkezpen honetan, gaur hemen bildutako herriek egin duten bezala, Euskal Herriko beste herri guztiei ere animatu nahi diegu gure kulturaren zati den kirol eder hau mantentzen laguntzeko.

Aurkezpenean izan dira erremontariak, Aitor Aranzabal Bergarako zinegotzia eta beste 16 udaletako ordezkariak, ETBko Joseba Urkiola kirol zuzendaria, Azahara Dominguez Aldundiko Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde antolaketako diputatua, Iñigo Garcia Turismo Zuzendaria eta Oriamendiko Xabi González gerentea.

Arane Erreka kalean dauden hiru aligustre ( Ligustrum japónica) kendu beharko ditu Bergarako Udalak datozen egunetan hauen osasun arazoengatik. Horien ordez, beste hiru elorri landatuko dira jarraian.

Izan ere, aipatutako hiru aligustreetatik bat erabat lehortu da. Haren ondoan dagoenak ere (2, zenbakiko atariaren ondoan) arrama batzuk ere sikuak ditu.

Horien ordez, Arane Erreka kaleko hasieran elorriekin ( Crataegus laevigata Paul´s Scarlet) alineazioa jarraitzea erabaki dute udal arduradunek, kale guztian espezie berdina egon dadin.

Lan hauek aste honetan egitea aurreikusi dute Udaleko Lorazaintza Taldeko arduradunek. Besteak beste, zuhaitzak bota, arramak eta enborrak erretiratu, alkorkeak destokonatu ( sustarrak atera) eta beste hiru zuhaitz landatuko dira.