Jaiotza: 
1 883
Heriotza: 
1 971

Ataunen (Gipuzkoan) jaio zen, 1883ko otsailaren 28an. 1909an etorri zen Bergarara, mediku titular izendatu zutelako. Hemen ez dugu bere mediku-lanaz hitz egingo, baina Benefizentziako Gurutzea eman ziotela kontuan hartuta, argi dago nolakoa izan zen horretan ere. Bergarara hogei urte pasatxo zituela etorritako mediku bizi-bizia zen, eta hil arte jardun zuen lanean, laurogeita zortzi urte arte, alegia. Ikasle-garaian, pianoa eta harmonia ikasi zituen, besteak beste, On Bizente Goikoetxea konpositore ezagunarekin. Errege Kaperako tenore izateko aukera eman zioten, baina aita zeharo tematuta zegoen semea, bera bezala, medikua izan zedin, eta ez zion horrelakorik egiten utzi. Oiartzabal musikaren "birusak" jota zeuden beste bergarar batzuekin elkartu eta gure herrian sakabanatuta zeuden ahotsekin koruak antolatzen hasi zen.

1923an, gure Orfeoiak Santanderko lehiaketa batean hartu zuen parte. Bilboko "Lagun artea", Arturo Maria Intxaustik zuzendutako 80 ahotseko taldea, eta "Durangues" orfeoia, 100 ahotsekoa, ere izan ziren bertan.

Bergarak lehen saria irabazi zuen begiratu bateko ariketa zailean. Ezarritako lanean, berriz, Bilboko taldea izan zen garaile, baina Bergarako Orfeoia bigarren geratu zen. Ezarritakoez gain, lan libre puntuagarri hauek kantatu zituzten:

  • Bilboko Orfeoiak H. Thomas-en "El Carnaval de Roma";
  • Durangokoak Radouse-ren "Esperanza";
  • Bergarakoak Breton-en "Vizcaya".

Epaimahaiko burua Madrileko Udal Bandako zuzendaria, Villa maisua, izan zen.

Epaimahaiak hamar minutu utzi zizkion talde bakoitzari begiratu bateko ariketa prestatzeko: kantariek, banan-banan, lanari begirada bat emateko, baina beste ahotsen berri izan gabe. Zuzendariek zailtasunak eta pasarterik korapilatsuenak non zeuden esateko aukera zuten. Baina On Roman, bere izaeraren eta erantzukizun-zentzuaren eraginez, kantatzen hasi zen, hori ezin zela egin konturatu gabe. Epaimahaikoek, entzun zutenean, kantatzea debekatuta zegoela esan zioten. Gelditzen zitzaizkion minutuei uko egin ondoren, koruko ahotsei tonua eman eta kantatzen hasi ziren. Ezin hobeto kantatu zuten eta lehen saria eman zieten.


Saria lortu ondorengo ospakizunak

Sari horrek oihartzun handia izan zuen. Saririk preziatuena zen, jakina, besteek baino hobeto erakusten baitzuen zenbaterainoko kultura musikala zuten kantariek. Bergararrek arreta handiz jarraitu zituzten lehiaketa nazional horretarako prestaketak, eta beraz, pozaren pozez hartu zuten arrakasta. Horrela, bada, jendetza handia bildu zen Orfeoiari Santanderretik bueltan harrera egiteko. Azken entseguak Epaitegiko eraikineko eskola batean eta Irizar lorategietan egin zituzten, atari zabaleko lehiaketa zelako, eta Iruñeko Orfeoiko zuzendari On Remigio Mujika bergarar ospetsuak gainbegiratu zituen. On Remigiok artista aukeratuek ezaugarri izaten duten "quid divinum" ukitua zeukan, barra-barra gainera, eta orfeoiak ere ukitu hori bereganatzea lortu zuen. Baina horrek ez du esan nahi Oiartzabal jaunak meriturik izan ez zuenik, handi askoa izan baitzuen: zuzendaritzan hasi berria zen, eta maisu ospetsuaren talentua eta esperientzia bete-betean onartu zituen.

Musikarako zuen zaletasun eta grina ikaragarria da On Romanengan gehien miretsi izan dudan ezaugarrietako bat. Medikuntzan eginahal handiak egin zituen, baina Bergarako edozein parroki korutako tenoreen artean kokatu eta bera ere, tenore dramatikoen pareko ahots eder harekin, zuzendarien esanetara kantatzen hasten zenean... orduan bai iruditzen zitzaidala gizon miresgarria benetan.

Laurogei urteak pasatxo zituela ahots paregabea zuen artean, eta solfeoan denbora laburra zeramaten soprano eta kontralto berriak "gidatzen" zituen. Jeinu biziko gizona izanik, sutan jartzen zen ahots zuriek, kanta ongi ezagutzen ez zutelako, ziurtasunik eta ozentasunik gabe jarduten zutenean: "zuek guztiok baino ozenago kantatzen dut neuk bakarrik..." esaten zuen.

Bergarako Orfeoiaren emanaldi-programa guztiak ikusita, agerian geratzen da nolako ahalegin handia egin behar izan zuen On Romanek gure korua Espainiako abesbatzarik garrantzitsuenetakoa izatea lortzeko. Bere azken etapako ibilbide guztia esaldi honek laburbiltzen du: Aretxabaletatik abiatu nintzen "Amaginarrebaren biboteekin" eta Madrileko Errege Antzokira heldu naiz Haendel-en "Mesias"ekin.


Estatuko antzoki nagusienetan

Bergarako Orfeoiaren ospeari esker, Madril, Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Espainiako beste hiriburu garrantzitsu batzuetako antzoki handiek ireki zizkioten ateak. Entzuleek sekulako txaloaldiak jotzen zizkioten eta harri eta zur geratzen ziren, Bergara hain herri txikia izanik, bertako korua errepertorio unibertsaleko lan handiak kantatzeko gai zela ikusita. Gure koruak Orkestra Nazionalarekin eta Espainiako Irrati-Telebistakoarekin kantatu zuen besteak beste, eta antzoki askotan gainera: Madrileko Real Antzokian eta Kongresu Jauregian, esate baterako. Cuencako eta Santiagoko jaialdietan hartu zuen parte, eta Aranbarri, Martinon, Frühbeck, Spiteri, Odon Alonso, Pírfano eta beste hainbat zuzendariren esanetara kantatu zuen.

Hori guztia idaztea oso erraza da, baina egitea oso zaila. Eta lorpenik zailena urterik urte izen onari eustea iruditzen zait, eta aparteko maila izan du beti. Ekinaren ekinez eta dena emanik lortu dute. Meritu handia dute benetan, eta are handiagoa orfeoiko kideak, batez ere ahots zuriak, berritu egin behar izaten direla kontuan hartuta. Gaur egun amateurren orfeoietan kantatzen dutenentzat, bizimodu moderno konplexu honen gorabeherak direla eta, ezinezkoa litzateke egiten dituzten emanaldi asko egitea, ez balute unean uneko arazoak konpontzeko laguntzarik izango. Izan ere, ez dago edonoiz kide guztiak biltzeko ahalmena duen korurik.

1929ko abenduaren 30ean, Bergarako Udalak "Seme Kuttun" izendatu zuen. 1952an, Hezkuntza Ministerio Nazionalak Alfontso X.a Jakintsuaren Ordena Zibileko "Enkomienda" eman zion. Bergarako mediku titular gisa emandako zerbitzuak eta egindako lan humanitarioa aitortu eta saritzeko, Gobernazio Ministerioak Benefizentziako Ordena Zibilean sartu zuen, gure udalaren eskariz. Bergarako Udalak eta bergararrek omenaldi asko egin zizkioten, hainbat arrazoirengatik. Baina eskerron-adierazpen publiko horiek guztiak ez dira nahikoa berak egindako guztia ordaintzeko. Bergararrek ez dute inoiz ahaztuko. 1971n hil zen.

"Bergarako Kronikak". Egilea: Donato Gallastegi.