Jaiotza: 
1 904
Heriotza: 
1 981

Idazle, politikari eta buruzagi abertzale hau Bergarako Olaso dorretxean jaio zen 1904ko abenduaren 1ean. Zuzenbide ikasketak egin zituen Madrilen, ez zituen bukatu ordea, eta EAJko kide egin zen 1930ean alderdia berriro elkartzean. Alderdi horretako zinegotzi aukeratu zuten II. Errepublikari bide eman zioten 1931ko udal hauteskunde historikoetan. Euskal Herriko lehen estatutua prestatzeko prozesuan, Bergarako udalak, beste udal batzuek bezala, Eusko Ikaskuntzaren estatutuari egin beharreko zuzenketa erlijiosoak eta hamar urtekoak proposatzea lortu zuen. Zuzenketa horien bidez, estatutuari zegozkion aldaketak egin eta Lizarrako estatutu konfesionala sortu zen.

Gorteetako diputatu aukeratu zuten bi legegintzalditan (1933-1936). Monzonen ibilbide errepublikarra ezagutzeko, aski dugu jendaurreko ekitaldi, hitzaldi eta mitinetara jotzea. GBBko buru eta EAJ-PNVko (Euskadi Buru Batzarreko) kide izan zen. Hegoalde osoan ibili zen hitzaldiak ematen. Monzonek bai euskaraz bai gaztelaniaz erabiltzen zuen hizkera gozoak jendetza handia erakartzen zuen.

1936an Agirre lehendakariak Euzko Jaurlaritzako Gobernazio ministro izendatu zuen. Eta ardura hori zuela, "Ertzaintza" izeneko polizia eta bere atal motorduna sortu zituen. Biek ere laguntza izugarria eman zuten bai ordena zaintzeko bai gerrako beharrei erantzuteko.


Erbestetik egindako ekarriak

Erbesteko Eusko Jaurlaritza Frantzian finkatu zen eta han bi zeregin nagusitan jardun zuen Monzonek: presoen trukea lortzeko (Geneva, 1937) eta euskal errefuxiatuak kontzentrazio-esparruetatik ateratzeko (Saint-Cyprien sur Mer, 1939) ahaleginetan. Alemaniak Frantzia okupatu ondoren, Mexikora abiatu zen. Marseillako portutik irten zen Alsina itsasontzian, eta hamaika hilabete igaro ziren Mexikora iritsi aurretik. Tarte horretan gorabehera eta atxiloketa ugari jasan zituzten itsasontziko bidaideek Casablanca eta Dakarren.

1946an Parisen finkatu zen Eusko Jaurlaritzako gainerako kideekin batera, eta gobernuan jarraitu zuen Carro komunista kargua uztera behartu zutenetik 1952an berak ere, EAJren itun-politikarekin bat ez zetorrela eta, dimititu zuen arte. Hala eta guztiz ere, EAJn jarraitu zuen Monzonek, eta Jose Antonio Agirreren gorpua Monzonen Donibane Lohitzuneko Mende Berri etxean beilatu zuten 1960ko abuztuan hil zenean.

Bere alderditik eta bere belaunalditik aldendu ondoren, geroz eta gertuago zegoen 50eko hamarkadaren amaieran sortutako belaunaldi berritik, 60ko hamarkadan Iparraldera ihesi joandako ETAkideengandik bereziki. Ordutik oihartzun handiko lanetan buru-belarri aritu zen:

  • 1969an Anai Artea sortu zuten Donibane Lohitzunen euskal erbesteratuen bigarren belaunaldiari babesa emateko. Monzon erakundeko lehendakari izendatu zuten eta P. Lartzabal idazkari.
  • Erakundearen izena egunkari guztien lehen orrian azaldu zen 1970ean, Eugenio Behil alemaniar kontsularen bahiketan bitartekari jardun zuelako. Gertakari horren ondorioz, Monzonek susperraldia izan zuen berriro politikagintzan eta ETAren izena mundu osoan egin zen ezaguna.
  • Urte hartatik aurrera ETAren inguruan sortzen hasi zen mugimenduaren alde egin zuen Monzonek, fronte abertzalearen aldeko bere politikaren ardatz nagusitzat hartuz.
  • 1976an Euskal Herria Veneziako Bienalera eraman zuen batzordeko kidea izan zen, eta bertan, Veneziako alkate Rico jaunarekin bildu ziren.

Francoren diktadura amaitu zenean, Espainiako agintariek Hegoaldera itzultzeko baimena eman zioten 1977ko uztailaren 14an. Aurreko egunean bere alderdikoekin izan zuen bileran diziplina betetzeko agindu zioten, baina "erabat libre izanik, erakunde baten diziplinaren mende egonda baino gehiago egin dezaket" erantzun zien. Handik egun batzuetara dimisioa aurkeztu zuen Bergarako herri-batzarrean.

Hilaren 21ean Durangoko pilotalekuan azaldu zen ezustean, Espainiako Gobernuak Ipar Europara estraditatutako ETAko militanteekin batera (hauteskunde-prozesuan eraginik ez izateko estraditatu zituzten). Monzonek izugarrizko entzutea zuen eta bere borroka-kantak "Itziarren semea", "Batasuna", "Lepoan hartu", "Bai euskarari", etab." trantsizioa girotu zuten Euskal Herrian. Gogorra zen, baina era berean atsegina, borroka armatuaren alde egiten zuen argi eta garbi ("gerra ez da amaitu"), itxura dotorekoa zen, baina pixka bat xelebrea ere bai. Ezaugarri horien guztien ondorioz, nazionalismo erradikalaren irudi mitiko bihurtu zen Monzon. Indar erreformistek eta nazionalismo moderatuak hauteskundeak irabazi ondoren hasi zuen Monzonek bere goraldia, 1977ko udan Askatasunaren alde egin zuten ibilaldi jendetsuan.

Urte haietan, Espainiako Barne ministerioak zazpi aldiz eraman zuen auzitara, ustez terrorismoaren apologia egin zuela eta. Ordurako, aldarrikatuta zeukan bere lelorik ezagunena: "Gaurko gudariak atzoko gudarien ondorengoak dira". Oinarrizko baldintza hauek finkatu zituen "gerra" (ETAren borroka armatua) bukatzeko:

  • Gerra-preso guztiak askatzea, gerra-preso diot, bai, batzuentzat gaizkileak edo terroristak diren gizon-emakume horiek Euskal Herriko heroiak baitira gaur egun, eta halakotzat ditu Euskal Herriak.
  • Forua, eta ez foruak. Burujabetza alegia. Hau ez da berria. Tradizionala bezain berri eta gerora begirakoa da. Forua ez da liburu bat, edo lege bat, legea egiteko ahalmena baizik.
  • Tarteko garaia behar dugu eta, horretarako, Madrilen gobernu zinez demokratikoa ezartzen den unean bertan, Euskal Herrian gobernu autonomoa ezartzeko eskatzen dugu, eta dagozkion legebiltzar, lege, botere judizial, irakaskuntza eta abar izan ditzala. Gobernu horrek Lizarrako estatutua izan lezake oinarritzat, Hego Euskal Herriak hirutan berretsi baitzuen. Dena den, ez naiz azken horretan tematuko.

1979ko hauteskunde orokorrak geroz eta gertuago zeudenean, HB koalizioa sortu zen EAE-ANV, ESB, HASI eta LAIA alderdiek bat egin ondoren, eta Monzonek koalizioan parte hartu zuen independente moduan. Esan zuenez, inoiz baino jelkideago sentitzen zen orduan. Hauteskunde-kanpainan amnistiaren aldeko itxialdi batean zegoela, atxilotu eta Langraizen espetxeratu zuten. Han gaixotu egin zen eta ospitalera eraman behar izan zuten. Inmunitate parlamentarioari esker martxoan kartzelatik atera zuten, baina HBko mahai nazionalaren erabakia betez, ez zen gorteetara joan.

Abenduan auziperatu egin zuten Pako Letamendia "Ortzi" diputatuarekin batera, terrorismoaren apologia egitea leporatuta. Hurrengo urtean gorteetako aulkia utzi eta Gasteizko Legebiltzarkide aukeratu zuten, baina hara ere ez zen joan. Baionan hil zen 1981eko martxoaren 9an, eta Bergaran lurperatu zuten.

Telesforo "Euskaltzaleak" elkarteko kide aktiboa eta ondare izugarria utzi zion euskal literaturari. Juan San Martinek ondokoa idatzi zuen Donostiako "La Hoja del Lunes" egunkarian Telesforo hil eta zortzi egunera: "Telesforo Monzonen heriotza dela eta, egunkariek bere bizitza politikoaren berri zabala eman dute, baina literatur lanak ia aipatu ere ez dituzte egin, nahiz eta Monzonen bizitzako alderdi hori nabarmentzekoa izan eta garrantzi handikoa euskal literaturarentzat".

Eta hala zen, lan ugari idatzi baitzuen euskal kultura aberasteko: "Urrundik" (Mexiko, 1945) eta "Gudarien Eginak" (Lapurdi, 1947) olerki-liburuak; "Odol Bidea", "Zurgin zaharra", "Menditarrak" (1958), "Gure behia hil da", "Hazparneko anderea", "Eneko Bizkai eta Maria Lorka" (1966), "Lau kantari eta xori bat", "Hazparneko bozkarioa", "Ur garbia", "Behorraren ostikada" antzezlanak; edota "Batasuna", "Lepoan hartu", "Bai euskarari", "Euskalduna naiz", "Itziarren semea", "Aita kartzelan duzu", "Ikastoletako ereserkia" borroka-kantak.