Jaiotza: 
1 898
Heriotza: 
1 980

Bergaran jaio zen 1898an. Barneko ikaslea izan zen Valladoliden eta Basurton. 1919an, lizentziaturako aparteko saria eman zioten Valladoliden; gero, Alemania eta Austriara joan zen ikasketak osatzera. 1927an doktore-tesia aurkeztu zuen Madrilen. Zirujau jardun zuen Eibarren, eta oposizio-azterketa bikainak egin ondoren, Basurtoko ospitalean laguntzaile hasi zen 1927an; gerora ospitaleko buru izan zen. 1936 eta 1937an, kirurgiako irakasle izan zen Bilboko Medikuntza Fakultatean.

Julian Gimon jaunak ez zion inoiz inori gorroto edo ezinikusirik izan; aitzitik, maitasuna eta adiskidetasuna izan zituen ezaugarri nagusiak. Hala ere, grina doilorren zartadak eta gerra zibilak eragindako atsekabeak ezagutu zituen, agintari frankistek heriotza-zigorra ezarri baitzioten. Hainbat urte eman zituen Dueso eta San Fernandoko (Cadiz) espetxeetan, "bekatu barkaezina" egiteagatik: liberala zen eta ez zuen ezkutatzen. Baina espetxeko erregimenaren atsekabe mingotsak jasan behar izan zituen arren, ez zuen inoiz galdu berezkoa zuen espiritu bikaina, hurkoari zion maitasun handia. Horrelakoxea zen Gimon: euskal haritz sendoa, euskalduna barne-muinetaraino eta liberal peto-petoa. Handik urte batzuetara indultua lortu zuen, espetxeko komunitateari emandako zerbitzuak saritzeko, nonbait. Bere frantziskotartasun zientifikoa espetxetako preso eta inguruko jende askorengana iritsi zen, entzute handiko zirujaua zela jakinik, Gimonengana jotzen baitzuten askok, espetxeko zuzendaritzaren baimenaz, azter zitzan. Gimonek ez zion inoiz inori ezezkorik esan.


Medikuntza eta Kirurgiako Erietxearen sortzaile

Jarraian gertatu zena ederki ezagutzen dugu denok, Bilbora itzuli eta hutsetik abiatu behar izan zuenetik hasi eta, eginahalak egin ondoren, Medikuntza eta Kirurgiako Erietxe bikaina sortzea lortu zuen arte. Hantxe geratu ziren Gimonen oroitzapen kutunak, argi-ilunak, ametsak eta poztasunak, eta beti nagusi izan zuen zuzentasuna. Medikuntzari emana bizi izan zen, oso zintzo jokatuz betiere. Gimonen ezaugarri guztiak gogora ekartzen ari garela, bere ahots geldi gozoaren oihartzuna datorkigu berriro, eta bere buru argiaren lekuko dugun kultur ondare izugarria, hau da, hitzaldi, argitalpen, artikulu eta liburu ugariak. Lanotan medikuntza eta kirurgiaren alor zabalaren inguruko ikerketak eta bizipenak uztartu zituen.

Kargu ugari izan zituen lanbidean, baina hauek nabarmenduko ditugu: Bizkaiko Zientzia Medikoen Akademiako lehendakari izendatu zuten, boto bidez, baina Riestra gobernadorearen agintaldian, berriro kargurako aukeratu zuten arren, Gimonen izendapena bertan behera gelditu zen; Medikuntza Fakultateko Akademiko aukeratu zuten Bilborako; Euskal Unibertsitatea sortzeko batzordeko kide nabarmena izan zen, halaber, Jon Arrospide, Juan Viar eta Justo Garate lagun min eta mediku handiekin batera.