Jaiotza: 
1 887
Heriotza: 
1 965

Bergaran jaio zen 1887ko irailaren 19an, eta 1911ko abenduaren 23an apaiz egin zen. Organo-jole eta konpositore handia izan zen Eustakio. Sekula ez zuen Bergaratik kanpora joateko asmorik izan, eta hementxe bizi izan zen hil arte (1965-02-05). Urteen joanean, pertsona maitatua izan zen herrian. Koru-kanta erlijioso eta lan profano garrantzitsuak sortu zituen. Musikari honek San Pedro elizako organoaren sekretuak inork baino hobeto ezagutzen zituen, eta duda ezineko artistatzat zeukaten denek. On Eustakiok Stoltz organoa jotzean ateratzen zuen soinuaren zolitasuna harrigarria zen; haren oroitzapen hutsa benetako gozamena da... Mendekoste-igandetan, "Sequentia de Eslava"ren aurreko "Veni Sancte Spiritus"en entzuten ziren trumoi-tremoloez oroitzea bezalaxe; musikariak pedalak arin eta aldartetsu erabiltzeko zuen gaitasun harrigarria eta organoak behar beste aire eduki zezan etengabe lanean ziharduten gaztetxoen mugimenduak gogora ekartzea legez. Gazteak adi egon ohi ziren instrumentuak airea behar zuenean egiten zuen "arnasestua"ren zain. Adi, halaber, organoari bertikaltasuna ematen zion berunez amaitutako soka-zatiari, hauspoak airez bete edo husten ziren heinean igo eta jaisten zenari.

Haiek bai ahaleginak, umeek On Eustakioren organoa airerik gabe ez geratzeko egiten zituztenak! Baina a zer nolako poza organo-jolea gero eta aire gehiago eskatzen egon ondoren, behar zuen guztia emateko gai izan zirela ikusten zutenean! Zoriontsu egoten ziren borroka horretan garaipena lortzeagatik.

Eustakiok izugarri ondo inprobisatzen zuen, melodia eta gai euskaldunen gainean oro har. Mariaren Alaben koru bikaina sortu zuen, eta Sortzez Garbiaren Bederatziurren gogoangarrietan kantatzen zuten. Abesbatza horri esker, izen handia lortu zuen Bergarak ospakizun erlijiosoetan. Bergarako Orfeoia ere Eustakioren koruaz baliatzen zen, eta Roman Oiartzabalek handik hartzen zituen Orfeoian behar zituen ahots zuriak.

 

 

"Bergarako kronikak". Egilea: Donato Gallastegi.