Gerriko Berdea da hirigunea inguratzen duen lur eremu bat, natura babesteko gune garrantzitsuak eta aisialdirako bide eta ekipamenduak uztartzen dituena. Gerriko Berdea ez da berehalako helburu bat, urratsez urrats gauzatu beharreko egitasmoa baizik.  Hona hemen bertan garatu ditugun azken proiektuak:

  • Hariztia kontserbatzeko, Askatsu iturriaren inguruko basoa –balio ekologiko handikoa- 2012 urtean erosi genuen bere horretan kontserbatzeko. Bertan, iturria eta aska konpondu ditugu, jendearentzat ura eskuragarri jartzeko eta baita anfibioen ugalketarako lekua berreskuratzeko.
  • San Martzialen bi lursail erosi ditugu, eta bertan, garai batean galdutako hariztia berreskuratzen hasi gara. 2013 urteko Natura egunean herritarrek egin zituzten lehen zuhaitz landaketak.
  • San Martzial leizearen inguruan harrizko horma bat egin dugu, arriskuak saihesteko eta lur azpiko habitat baliotsua kontserbatzeko.