1.- TELEASISTENTZIA (*)

Bakarrik bizi edo egunean zehar ordu asko bakarrik dauden pertsonentzat da.

TELEASISTENTZIAren bidez, etxe barruan larrialdi kasu bat gertatu eta telefonoa erabili ezin duen pertsonak, SOS DEIAK bitarteko, laguntza eskuratzeko aukera eskaintzen du.

2.- ETXEKO LAGUNTZA ZERBITZUA (*)

Etxean, eguneroko zereginetarako laguntza eskaintzen du. Bi eratako laguntza izan daiteke:

  • Etxeko lanak egiteko: etxea garbitu, arropa garbitu eta lisatu, erosketak egin, otorduak prestatu, etab.
  • Laguntza edo atentzio pertsonala: Laguntza pertsonala eskaintzen du eguneko ekintzetan: ohetik jaiki, oheratu, garbiketa pertsonala, jantzi, jan, botikak hartu, etab.

Gehienez ere egunean 3 orduko zerbitzua da, astelehenetik larunbat eguerdira arte.

Ordu horiek jarraian edo tartekatuak izan daitezke.

Bakoitzak bere egoera ekonomikoaren araberako ekarpen/aportazio ekonomikoa egin beharko du.

3.- LAGUNTZA TEKNIKOAK

Mendekotasun edo ezintasun egoeran dagoen pertsonari hainbat laguntza ematen zaizkio eguneroko bizitza errazteko.

Bi eratako laguntzak daude:

  • Errekuperagarriak: Gruak, oheak, gurpildun aulki bereziak, koltxoi bereziak, bainu-gelarako aulki bereziak, gurpildun aulkiarentzako motor sistemak, eskailerak igotzeko aulki bereziak, etab. Egoera ekonomikoa ez da kontuan hartzen.
  • Errekupera ezinak: Etxeko sarrera egokitzeko laguntza, etxe barrua egokitzeko laguntzak (bainera kendu eta dutxa jarri, ateak zabaldu, gelak egokitu...), bainugelarako heldulekuak, altxagailuak, etab. Laguntza errekupera ezinetan, bakoitzaren egoera ekonomikoa kontuan hartzen da.

4.- LAGUNTZA EKONOMIKOAK

MBB/BVD azterketan mendekotasun-maila 2 tik gorakoa bada, hileroko diru-laguntza jasotzeko aukera dago pertsona mendeko hori familian zaintzeagatik.

Diru-laguntzak eman daitezke zaintzailea familiakoa delako edo familiaz kanpoko laguntzailea kontratatzen delako.

Diru-laguntzaren zenbatekoa desberdina da mendekotasun mailaren, laguntza-modalitatearen eta familiako diru-sarreren arabera.

5.- EGUNEKO ZENTROA

Mendeko pertsona eguneko zentro batera joan daiteke eguna pasatzera. Eguneko zentroak eskaintzen dituen zerbitzuen artean, honakoak eskaintzen dira: garraioa, bakoitzari egokitutako ekintzak, garbiketa pertsonalerako programa eta bi jatordu (bazkaria eta askaria-merienda).

6.- ALDI BATERAKO EGONALDIAK EGOITZETAN

Urtean hilabete bat egoitzatan egotea da, mendeko pertsonaren zaintzaileak atseden har dezan.

OHARRA: Laguntza hauek guztiak banaka edo konbinatuz jaso daitezke.

(*) MENDEKOTASUN BALORAZIOA egin gabe ere eskaini daiteke.