webmaster-k Ar, 2025-09-30 09:02-n bidalia
Bergarako Udalak kanpoko argiteria publikoa berritzeko proiektua aurrera eramateko Debagoieneko Mankomunitatearekin sinatuko duen lankidetza hitzarmena onartu du astelehen honetan ospatutako plenoan. Proiektuaren helburua da udalerriko argiteria sistema zaharkitua energia-eraginkorragoa den LED teknologiaz ordezkatzea.
Proiektu hau Arrasate, Aretxabaleta, Oñati, Leintz-Gatzaga eta Bergarako udalerriek partekatzen dute, eta guztira 3.451 argi puntu berrituko dira. Prozesua modu bateratuan egingo da, bai horniketa eta instalazioaren kontratazioari dagokionez, bai finantzaketari dagokionez.
Udalak IDAEren (Energia Dibertsifikatzeko eta Aurrezteko Institutua) laguntza programan parte hartuko du, eta 1.750.927,73 euroko (BEZ barne) interesik gabeko mailegua jasoko du Debagoieneko Mankomunitatearen bitartez.
Proiektuaren deskribapen teknikoa Ekitermik S. Coop. enpresak idatzi du, eta udaleko Obra eta Zerbitzuetako teknikarien txostenarekin batera aurkeztu da.
Maite Usabiaga, Bergarako zinegotziaren hitzetan, “hitzarmen honen bidez, gure udalerrian energia eraginkortasuna hobetzea, karbono isuriak murriztea eta udal baliabideak modu arduratsuan kudeatzea izango dira helburu nagusiak. Zentzu horretan, garrantzitsua deritzogu gure bailaran erakundeon artean elkarlanean aritzea, denon artean hartutako neurriak inpaktu handiagoa dutelako gizartean eta ingurumenean”.
Udalak azpimarratu duenez, lankidetza publiko publikoaren bidez, baliabideak optimizatu eta proiektuaren eraginkortasuna bermatuko da.