webmaster-k Og, 2025-09-25 15:42-n bidalia
Ostegun honetan ospatu dira gazteei bideratutako ‘Ekinola’ ekintzailetza jardunaldiak Bergaran, eta, bere bostgarren edizioan, Bergarako Udalak mende bat baino gehiago duen Mujika Burdindegia omendu du, duela mende bat hasi zen proiektuari azken urteetan emandako bultzadagatik.
Ekitaldian, Ainhoa Lete alkateordeak eman dio saria enpresako arduradunari, belaunaldi askoren ahalegina, konpromisoa eta lan egiteko grina aitortuz. “Ez da egunero ospatzen horrelako historia duen proiektu baten arrakasta. Belaunaldi askoren ahalegina, konpromisoa eta lan egiteko grina dira gaur ospatzen ditugun ardatzak”, adierazi du Lete alkateordeak.
Mujika Burdindegiak Bergaran sustrai sakonak jarri ditu. 1913an abiatu zenetik, herriko ekonomiari eta industriari ekarpen handia egin dio. Urte luze hauetan, enpresak egoera askori egin behar izan die aurre: garai oparo eta zailak izan dira, baina beti mantendu dute aurrera begirako jarrera eta egokitzeko gaitasuna. Horregatik, gaur egun ere erreferente dira sektorean.
Letek nabarmendu duenez, “ospatzeko beste arrazoi bat ere badugu: azken urteotan egin duten apostu sendoa. Lanpostuak sortu eta mantentzeaz gain, eraikin berria martxan jarri dute, etorkizunerako proiektu berriei ateak zabaltzeko. Honek erakusten du Mujika Burdindegia ez dela soilik iraganeko enpresa bat, baizik eta oraina eta etorkizuna eraikitzen ari den proiektu bizia”.