webmaster-k Og, 2025-09-04 12:53-n bidalia
3.650 egun. Hamar urte. Hamarkada bat. 2015ean ireki zituen ateak Bergarako Laboratorium Museoak, eta urteurren berezia ospatuko du aurten. Horretarako, jarduera bereziz betetako egitaraua antolatu du museoak 2025eko irailaren 26rako.
“10 urte zientziari ateak zabaltzen” lelopean ospatuko du urteurren hori museoak. Horixe izan da hasieratik museoaren helburu nagusia: gizarteari eta herritarrei zientziaren unibertsorako ateak parez pare zabaltzea. Azken batean, zientzia gizarteari hurbiltzea eta gizartea zientzian murgiltzea. Eta horixe izan da eta da museoak aurrerantzean ere jarraitu nahi duen bidea.
Irailaren 26an, ostirala, egingo da ospakizuna museoaren instalazioetan bertan; doako bisita gidatuak, tailerrak, erakustaldiak, foodtruck-ak eta dantza bertikaleko ikuskizuna izango dira, beste hainbat ezustekoren artean.
Museorako bisita gidatuak, 20 laguneko taldetan, 45 minutukoak.
● 11:00 | euskaraz
● 12:00 | gaztelaniaz
● 13:00 | euskaraz
● 16:00 | gaztelaniaz
● 17:00 | euskaraz
● 18:00 | gaztelaniaz
● 19:00 | euskaraz
Tailer bereziak:
● 17:30ean eta 18:30ean | GAMER TXOKOA | Bideo-jokoetan euskaraz aritzeko jarduera | 60 minutu | plaza mugatuak | izena ematea beharrezkoa da | Adina: 11-14 urte
● 17:30 | IKUSKIZUN ZIENTIFIKOA | 60 minutu | euskaraz | publiko orokorra | ez da izena eman behar
Arratsaldeko egitaraua:
● Askotariko eta gustu guztietarako foodtruck-ak
● 19:30–21:30 Txantona Garrote DJ. Ainhoa eta Ander bergararrek Txanton(a) Garrote eszenatokira igo zen momentuan inspiratutako musika sesioa eskainiko dute, museoa eta zientzia herrira gerturatzeko. Rocketik jazzera, souletik eta funketik igarotako erritmoekin, nahasketa paregabe batekin girotuko dute Errekalde parkea.
● 21:30 Wasabi Produccions-ek museoaren 10. urteurrenerako sortutako bideo-mapping ikuskizuna.
● 21:50 Geure(R)a dantza bertikaleko ikuskizuna, Harrobi Dantza Bertikala konpainiaren eskutik. Naturaren, poesiaren, dantzaren eta bideo mapping-aren arteko elkarrizketa planteatzen du. Juantxo Zeberioren musikak, Toti Martínez de Lezearen bertsoek eta Paco Gramajeren proiekzio animatuek aberastu egiten dute hiru dantzarik egindako koreografia esekia.
● 22:20 Wasabi Produccions-ek sortutako bideo mapping-aren bigarren emanaldia
● 22:30–23:15 Txantona Garrote DJ. Egun berezi honen itxiera.
Herritarrei irekitako doako ekitaldia izango da, eta guztiok goza dezazuen espero dugu, bergararrek batez ere, museoaz gozatzen lehenak izan zaitezten pentsatu eta ekoiztutako ospakizuna baita.
Museoak parte hartzera animatu nahi ditu bergararrak museoaren lorategi zoragarrietan ezustekoz betetako arratsalde bat igaro dezaten.
Urriaren 3ko eta 4ko asteburuan, zientzia-dibulgazioko Jot Down sarien hamabigarren edizioaren egoitza izango da Bergara; horrela, Estatuko zientzia-dibulgazioaren gune nagusi bilakatuko da herria.
Lau modalitate ditu sariketak (argazkigintza, ilustrazioa, saiakera eta narratiba), eta honako erakunde hauek babesten dute: Donostia International Physics Center (DIPC) zentroak; Canfranc-eko Lurrazpiko Laborategiak (LSC) eta Bergarako Laboratorium Museoak berak, Sevillako Unibertsitatearen, Jot Down-en, Mercurio aldizkariaren eta Nextdoor Publisher argitaletxearen lankidetzarekin. Wolframari eta lur arraroei eskainitako edizioa izango da; gogora dezagun Bergaran, hain zuzen ere, aurkitu zela wolframoa.
Jot Down Zientzia ekitaldiaren barruan banatuko dituzte sariak. Egitarauaren barruan, sariak banatzeaz gain, hitzaldiak, mahai-inguruak eta liburu-aurkezpenak egingo dira, Jot Down kultura-aldizkariaren ohiko kolaboratzaileen eta maila goreneko zientzialari eta dibulgatzaileen eskutik. Jarduera osagarriak ere egongo dira (tailerrak, kontzertuak, ibilbide gastronomikoak, bisita kulturalak, etab.), helduentzako, haurrentzako zein familientzako diseinatutakoak.