webmaster-k Og, 2025-09-04 11:05-n bidalia
Irailaren etorrerarekin batera, Bergarako kaleak jai giroz beteko dira San Martinak ospatzeko. Maite Usabiagak, Bergarako Udalaren izenean, prentsaurrekoan adierazi duenez, “San Martinek lagunekin eta familiarekin gozatzeko aukera ederra eskaintzen digute, eta elkarlanean antolatutako jaiak izanik, eskerrak eman nahi dizkiegu elkarte, eragile eta norbanakoei, zuek barik San Martinak ez liratekeelako posible izango.”
Aurten, tradizioa eta berrikuntza uztartzen dituen egitaraua prestatu da. Jaiak irailaren 12an hasiko dira kale antzerkiarekin eta txosna gunean musika eta gastronomia eskaintzarekin. Irailaren 13an, Oxirondo plazan ospatuko den San Martin feria izango da jaietako ardatz nagusietako bat, barazki, fruta eta gazta lehiaketarekin, tailer eta dastaketekin, eta arratsaldean dantza txapelketa eta suzko zezena izango dira.
Usabiagak, gainera, danborradaren loraldia nabarmendu du, aurten 34 talde eta 900 partaide izango baitira. “Harrotasunez esan dezakegu danborrada herrikoi bat daukagula, belaunaldi berriak barneratu dituen herri ekimen ederra,” adierazi du.
Aurten ez da egingo San Martinen heriotzaren errepresentazioa, antolatzaileek hala eskatuta. Udalak erabakia ulertzen duela nabarmendu du eta eskerrak eman dizkie orain arte egindako lanagatik.
Udalak gogorarazi du segurtasuna eta errespetua funtsezkoak direla jaietan. Horretarako, Arreta Gunea martxan egongo da irailaren 15ean, 22:00etatik 06:00etara, Irizar Jauregian. Bertan, emozio laguntza, eskubideei buruzko informazioa eta autodefentsa feministaren inguruko orientazioa eskainiko da. Zalantzak argitzeko, 747 448 456 zenbakira deitu daiteke.
San Martinak 2025 jaietarako 74.000 euroko aurrekontua bideratu da, egitarauaren kalitatea bermatzeko. Gastuak danborradetako sonorizazioetatik hasi eta kontzertu, tailer, sokamuturra eta erakusketetaraino doaz.