webmaster-k Og, 2025-07-03 09:42-n bidalia
Bergarako Udalak jakinarazi du kanpoko igerilekuetan mugikortasun urria duten pertsonentzako (MUP) aulki zerbitzua martxan jarri duela. Zerbitzu honen helburua da igerilekuen erabileran irisgarritasuna hobetzea eta pertsona guztiei baldintza egokiak eskaintzea.
Zerbitzua erabiltzeko, erabiltzaileek kanpoko igerilekuan zerbitzua ematen ari den sorosleari eskaera egin beharko diote. Erabilera amaitutakoan, aulkia berriro sorosleari itzuli beharko zaio, hark zerbitzua egoki kudeatu ahal izan dezan.
Udalak adierazi du zerbitzu hau herritarrentzat erabilgarria izatea espero duela. Horregatik, zerbitzua erabiltzeko gonbita luzatu du, eta aldi berean, erabiltzaileen iritziak jasotzea eskertu nahi du, beharrezko hobekuntzak egiteko. Iritziak Gizarte Zerbitzuetan edo Agorrosineko igerilekuetan eman daitezke.
Bestetik, Udalak bigarren pergola edo aterpe bat jarri du igerilekuetan, 7.961,8 euroko gastuarekin (BEZ barne).