Bergarako Udalak martxoan abiatu zituen Barrenkale berrurbanizatzeko lanak, eta orain, obrak aurrera doazen heinean, Barrenkale kalean eta San Martin plaza inguruan trafikoan izango diren aldaketa nagusiak iragarri ditu.

Izan ere, ekainaren 23an itxiko da Barrenkale trafikora. Ordutik aurrera, obra materialen pilaketa San Martin plazan egingo da, Seminario aldera, horrek TAO zerbitzurako jarritako aparkalekuak kentzea ekarriko du. Udaletxe aurreko 11 aparkalekuak egongo dira erabilgarri eta mugikortasun urriko pertsonentzat aparkaleku bat egokituko da.

Beraz, San Martin plazara, soilik baimendutako ibilgailuak sartu ahalko dira (merkataritza eta tabernei zamalana zerbitzua ematen dietenak, udal zerbitzuetakoak eta bizilagunen kasuan zamalanak egitea baimenduko da).

Udalak adierazi du obrak amaitu ostean balorazioa egingo dela, eta Barrenkale eta San Martin plazako trafikoaren antolamendu berri bat diseinatzeko aukera mahai gainean egongo dela, peatonalizazio edo elkarbizitza ereduak landuz.

Lanak Zubieder enpresa esleipendunak gauzatuko ditu, 1.447.382,65 euroko aurrekontuarekin (BEZa barne). Helburua da kale osoaren azpiegiturak berritu eta irisgarritasuna bermatzea, bizilagun eta merkatarien ongizatea lehenetsiz. Urbanizazio proiektu hau herriko azpiegitura berritzeko eta espazio publikoaren erabilera irisgarri eta segurua bermatzeko diseinatu da.

Agintaldi hasieran aurkeztutako Gobernu Planean hainbat lan ildo aurkeztu zituen Udalak, eta horien artean daude alde zaharra eta komertzioa biziberritzearena. Proiektu hau, eta ostean iritsiko den San Martin plazaren birgaitzeak, lan ildo horretan kokatzen dira.