Bergarako Udala dagoeneko hasi da 2026ko Udal Egutegia prestatzen, eta urtero bezala, herritarren argazkiak izango dira egutegia osatuko dutenak. Aurtengoan gaia librea izango da, parte hartzaileek nahi duten motiboa islatu ahal izango dutelarik euren lanetan.

Argazkiak aurkezteko baldintzak ondorengoak dira:
• Bergaran jaioa izatea edo bertan bizitzea.
• Argazkia Bergaran ateratakoa izatea edo Bergararekin lotutako motiboren bat agertzea (bertako herritarrak, esaterako).
• Egile bakoitzak gehienez 25 argazki aurkeztu ahal izango ditu.
• Argazkien formatua: 20 x 30 cm-ko tamaina, 300 ppp-ko bereizmena eta JPG formatuan.
• Artxibo digitalak CD edo USB batean aurkeztu ahal izango dira Udaleko Euskara Zerbitzuan, edo posta elektronikoz bidali euskara@bergara.eus helbidera, artxibo handientzako tori.eus, wetransfer edo antzeko plataformen bidez.
• Egutegiaren formatuari egokituz, argazkiak etzanak izan beharko dira, nahiz eta zutikako argazkiz osatutako multzo horizontalak ere onartuko diren.

Argazkiak aurkezteko azken eguna 2025eko irailaren 25a izango da.

Aukeratutako argazkien egileek ordainsaria jasoko dute, eta lan horiek Udal Artxibategian jasota geldituko dira. Udalak argazki horiek erabiltzeko aukera izango du, betiere egilearen izena aipatuz. Parte hartzaileen ardura izango da aurkeztutako argazkiekin lotutako baimen guztiak eskuratzea.

Aurkezten diren argazkien artean aukeraketa egiteko, Udalak izendatutako lantalde batek egingo du hautaketa.