webmaster-k Og, 2025-06-05 14:52-n bidalia
Miguel Altuna Lanbide Heziketa Institutuan ospatutako ekitaldian, "eMAkumeak Protagonista" egitasmoaren emaitzak eta hausnarketak aurkeztu dira asteazken honetan, emakumeen presentzia teknologia arloko Lanbide Heziketan ikusarazteko eta sustatzeko helburuarekin. Ekitaldian parte hartu dute ikasleek, irakasleek, udal ordezkariek eta empresa eragileek, eta eredu bihurtu diren hainbat emakume izan dira protagonistak.
Ekimena Euskal Autonomia Erkidegoko eta, bereziki, Miguel Altunako egoeraren azterketatik abiatzen da: EAEn emakumeen presentzia LH teknologikoetan %35 ingurukoa den bitartean, Bergarako institutuak %25eko kopurua du, eta industria arloko zikloetan %20ra iristen da, Euskadiko batez bestekoa (%13) nabarmen gaindituz.
Egindako inkestek erakutsi dute emakume asko ez direla sektore teknologikoetara heltzen bokazio baten ondorioz, baizik eta lan merkatuan aukera estrategiko gisa. Parte hartzaileen %51 beste sektore batetik dator eta %30 langabezian zegoen matrikulatu aurretik. Hala ere, %90ek adierazi dute pozik daudela egindako hautuarekin eta prestakuntza hau beste emakume batzuei ere gomendatuko lieketela.
Ekitaldiko hitzartzean Ainhoa Lete Bergarako alkateordeak adierazi duenez, "zuek, ikasleek, ibilbide akademiko bat baino askoz gehiago ordezkatzen duzue: eraldaketa baten irudia zarete. Ikuspegi feministatik badakigu aldaketa ez dela bakarrik pertsonala; kolektiboa da”.