webmaster-k Ar, 2025-06-03 10:45-n bidalia
Uda giroa gerturatzen den heinean, Bergarako Udalak uda sasoian aisialdiaz gozatzeko aukera eskaini nahi die bergararrei. Hori dela eta, ekainaren 11n irekiko ditu Agorrosingo kanpoko igerilekua eta duela bi urte Labegaraietan ireki zen ur parkea.
Ekainaren 11tik irailaren 7ra arte irekita egongo dira igerilekuak, uda sasoian ohikoa den moduan. Egunero goizeko 10:00etatik iluntzeko 20:30era egongo dira erabilgarri.
Sarreren prezioei dagokienez, ohiko tarifak mantendu dira, eta arratsaldez bakarrik joaten direnentzat deskontuak eskaintzen dira:
• Egun osoko sarrera:
Helduak: 7,80 euro
18 urtetik beherakoak: 4,25 euro
• Arratsaldeko sarrera (16:00etatik aurrera):
Helduak: 5,15 euro
18 urtetik beherakoak: 2,80 euro
Labegaraietako ur txorrotek ere antzeko ordutegia izango dute, eta irailak 7ra arte zabalik izateko aurreikuspena dute udal ordezkariek, baina, garai horretan eguraldi ona egonez gero, epea luzatzeko aukera aztertuko dute.
Bukatzeko eta udako ikastaroei dagokienez, talde berriak ireki dira haur, gazte eta helduen eskaintzan. Ikastaroak ekainaren 24ean hasiko dira eta lau astez luzatuko dira. Kontsultak zein izen emateak Agorrosingo kiroldegian egin beharko dira.
“Uda garaian ere, Bergarako herritarrei aisialdirako aukera erakargarriak eskaintzea da gure helburua. Proposamen hauek norabide horretan egiten dugun ahaleginaren adibide dira”, adierazi du Olatz Manuel Ezenarro zinegotziak.