Eskualdeko herriek dituzten erronka eta ardurak kontuan hartuta, Debagoieneko udal ordezkari politiko eta teknikoek “aukera gabeko bakardadea” izan dute hizpide, eta egoerari modu bateratuan erantzuteko proiektu berritzailea abiatu dute: “Debagoiena ehuntzen: Bakardadearen korapiloa askatu”.

Elkarlan honen lehen emaitzetako bat izan da 147.600 euroko diru laguntza eskuratzea, proiektuaren garapena ahalbidetzeko. Helburu nagusia da bakardade sentimendua pairatzen duten herritarrengana iristea eta bailarako gizarte osoaren inplikazioa lortzea.

Ikasturte honetan, eskualde mailako lan taldea eratu da, eta bertan biltzen dira Debagoieneko herri guztietako ordezkari tekniko eta politikoak, arlo honetan adituak diren profesionalen gidaritzapean. Proiektuaren lehen ekintzak irailean abiatuko dira, nahiz eta ekainaren amaieran lehen mahai-inguru publikoa aurreikusten den.

Gainera, inkesta prozesu zabal bat jarriko da martxan herritarren iritzia jasotzeko: maiatzaren 30etik ekainaren 20ra bitartean, inkestak online eta paperez betetzeko aukera eskainiko da, herri bakoitzean zehaztuko diren guneetan. Informazio guztia etxeetara helaraziko da gutun informatibo baten bidez.

Udako hilabeteetan jasotako datuak aztertu ondoren, irailean aurkeztuko dira emaitzak eta aldi berean, proiektuaren lehen ekintza zehatzak abiaraziko dira herritarren aurrean.

Bergarako Udalak, gainontzeko udalekin batera, eskualdeko erronka honi elkarlanean heltzeko konpromisoa berretsi du, bakardadearen aurka sare sendo bat ehuntzeko asmoz.