Bergarako Udalak apelazio-errekurtsoa aurkeztu du Donostiako Administrazioarekiko Auzien 1. Zenbakiko Epaitegiak emandako 73/2025 zenbakiko epaiaren aurka. Epai horrek Greene Waste To Energy S.L. enpresak udal ebazpen batzuen aurka aurkeztutako errekurtsoa onartu zuen. Udalak uste du epaia ez datorrela bat zuzenbidearekin, eta horregatik erabaki du errekurtsoa aurkeztea Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Gelan.

Gertakariak 2021ean hasi ziren, Greene Waste To Energy S.L. enpresak Bergarako Udalari jarduera jakin baterako —"industria minerala ekoizteko jarduera ekologikoa"— bateragarritasun urbanistikoko txostena eskatu zionean, Larramendi industrialdean garatzeko asmoz. Hala ere, enpresak Eusko Jaurlaritzari aurkeztu zion proiektua bestelakoa zen, paperaren industriako azpiproduktuak tratatzeko jarduera proposatzen baitzuen. Jarduera hori, udal planeamenduarekin bat ez zetorrela argudiatu du Udalak.

Bergarako Udalak defendatzen du 2022 eta 2023ko ebazpenak legearen araberakoak direla, udalerriaren antolaketa egokia eta interes orokorra babesteko helburuarekin hartu baitziren. Udalak argi utzi nahi du uneoro jardun duela lege-esparruaren barruan, eta bere asmo bakarra izan dela udalerriaren legezko ordenamendu urbanistikoa bermatzea.

Apelazio errekurtsoa legez ezarritako epearen barruan aurkeztu da, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak izango du epaiaren berrikuspena egiteko ardura.