Bergarako Udala-k Ar, 2025-02-11 08:52-n bidalia
Bergarako FCC – FEX elkarteak 25.000 euroko dirulaguntza jasoko du 2025ean, urtarriletik abendura bitartean, Bergarako Udaletik. Laguntza honek elkarteak torlojugintza eta lotura teknologikoen inguruan sustatzen dituen ekimen eta proiektuei jarraipena emateko balioko du, tokiko garapen ekonomikoa eta berrikuntza indartuz.
FCC – FEX elkartea 2020an sortu zen, eta gaur egun 13 enpresa bazkide ditu, eta Bergarako Udala elkarteko bazkide kolaboratzailea da. Elkarteak Bergaran torlojugintzari buruzko proiektu estrategikoak garatzen dihardu, helburu hauekin:
• AFM Clusterreko parte izateko prospekzioa egitea.
• Dibertsifikazio programa eta bisitak GFArekin elkarlanean.
• SPACE Aereoren Batzar Nagusian parte hartzea.
• Torlojugintzarekin lotutako material eta fabrikazio-tekniken joerak eta lubrifikazio-sistemak aztertzea.
• I+G jarduerak eta berrikuntza batzordeen bilerak egitea.
• Prestakuntza eta workshop-ekitaldiak sustatzea.
Tokiko garapenaren ikuspegitik, dirulaguntza hau hainbat arrazoirengatik estrategikoa da Bergararentzat:
• Industria ondarea eta identitatea sustatzea: Torlojugintza Bergarako historia industrialaren oinarrietako bat da. Laguntza honek tradizio hori bizirik mantentzea eta etorkizunera begira garatzea ahalbidetzen du.
• Garapen ekonomikoa eta berrikuntza: Sektorean I+G eta berrikuntza jarduerak sustatzeak tokiko enpresen lehiakortasuna areagotzen lagunduko du, lanpostu berriak sortuz eta ekonomia dibertsifikatuz.
• Espezializazio teknologikoa eta prestakuntza: Proiektuek diseinu eta fabrikazio tekniketan espezializazioa bultzatzen dute, tokiko talentua erakarriz eta trebakuntzarako aukerak eskainiz.
• Kooperazioa eta sareak: FCC – FEX elkarteak enpresen eta administrazio publikoaren arteko lankidetza bultzatuko du, sinergiak sortuz eta proiektu berriak erakarriz.
• Bergara erreferente bihurtzea: Torlojugintza eta lotura teknologikoen arloan Bergara eskualde mailako erreferentziazko herri bihurtzea du helburu, proiektu estrategiko berritzaileak erakarriz.