14.082 GIPUZKOAKO A.O.—2008 maiatzak 5 N.º 84 B.O. DE GIPUZKOA—5 de mayo de 2008
2008ko apirilaren 29ko 29/08 FORU DEKRETUA,
Adineko pertsona ezinduen ardura duten familiei laguntzeko Sendian programa onesten duena.
Helburua zelarik familiei laguntzea adineko ezinduak etxean
eduki zitzaten, Sendian programa abian jartzeko lehen saiakerak
Gipuzkoako Lurralde Historikoko udalerri jakin batzuetan egin
ziren, 1996ko apirilaren 16ko 37/96 Foru Dekretuaren bidez.
Geroago, beste udalerri batzuetara zabaldu zen 1997ko martxoaren
4ko 17/97 Foru Dekretuaren bidez, eta azken arautze saioa,
berriz, 2000ko uztailaren 18ko 72/00 Foru Dekretuaren bidez
egin zen. Foru dekretu horiei esker, ekimen jakin batzuk gauzatu
dira. Esate baterako, familien xederako prestakuntza eta laguntza
psikologikoa, eta hainbat laguntza tekniko eta ekonomiko eta
zerga pizgarriak, ahaztu gabe eguneko zentroetako atseden egonaldiak
eta aldi baterako egoitzak.
2000ko uztailaren 18ko 72/00 Foru Dekretuko programari
zegokion araudia aldatu egin da 2006ko abenduaren 14ko 39/06
Legea, autonomia pertsonala sustatzeari eta besteen beharrean
dauden pertsonak zaintzeari buruzkoa, indarrean sartu zenez
geroztik, eta, batez ere, 2007ko azaroaren 20ko 133/07 Foru
Dekretua, aipatu legeko prestazio ekonomikoak Gipuzkoako
Lurralde Historikoan arautzen dituena, onartu zenez geroztik.
Aurrekoarekin bat etorriz, Sendian programaren arautegi
berrian ez dira 2000ko uztailaren 18ko 72/00 Foru Dekretuko
laguntzak sartzen, foru dekretu horretako laguntzen eskaerak
2007ko azaroaren 30ko 133/07 Foru Dekretuaren bidez egin
behar direnez gero. Era berean, laguntza teknikoak eta atseden
luzea izeneko laguntza ere Sendian programatik atera dira,
Gizarte Politikako Departamentuak horiei buruzko arautegiak
egingo baititu berariaz.
Beste aldetik, foru dekretu honi darion asmo orokorra azpimarratu
behar da, baldintzak betetzen dituen edonori emango
baitzaio Sendian programan sartzeko aukera, zein udalerritan
bizi den kontuan hartu gabe. Ikuspuntu berri hori dela eta, orain
ez da beharrezkoa Foru Aldundiaren eta herrialdeko udalen
artean lankidetza instituzionaleko hitzarmenak izenpetzea,
aurreko arautegian egiten zen bezala. Hau da, Gizarte Politikako
Departamentuaren berezko baliabidea izango da Sendian
programa, nahiz eta herritarrek udaletako oinarrizko gizarte
zerbitzuetara jo beharko duten zerbitzuaz baliatzeko.
Azkenik, kontuan hartu behar da indarrean sartu dela
2007ko martxoaren 27ko 3/07 Foru Araua, Gipuzkoako Lurralde
Historikoko diru laguntzei buruzkoa. Izan ere, kasu honetan
diru laguntzei buruzko foru araua beteko dela dio 2.3 artikuluak,
2. paragrafoan, hitzez hitz: Laguntza hori ondasun edo
eskubideak emanez edo zerbitzuak prestatuz gauzatzen bada
horiek eskuratu edo kontratatzeko helburu bakarra hirugarren
pertsonen esku jartzea izan denean, foru arau honetan ezarritakoa
aplikatuko da. Kasu hori aplikagarria da foru dekretu honetako
baliabideen tipologia kontuan hartuta eta, hartara, Gizarte
Politikako Departamentuak indarrean dagoen legeria beteko du
baliabide horiek kontratatzean.
Gipuzkoako Lurralde Historikoaren diru laguntzei buruzko
2007ko martxoaren 27ko 3/07 Foru Arauko 20.3.c) artikuluan
xedatutakoa betez, zuzenean ematekoak diren laguntzak dira
programa honetako baliabideak, daukaten helburu soziala daukatenez
eta baldintzak betetzen dituzten guztien eskubide
unibertsalekoak direnez. Horregatik, bada, laguntzok emateko
ez da deialdirik egingo eta eskaerak edozein unetan aurkez daitezke,
arau hauek indarrean dauden bitartean.