Bergarako Udala-k Al, 2023-06-19 13:46-n bidalia
5.704 liztor beltz harrapatu dira horretarako egin den kanpainan.
2021. urtean hilabetez egin zen, eta aurten bi hilabete iraun du tranpatze-kanpainak. Dena dela, duela bi urteko kopuruaren bikoitza baino gehiago harrapatu da aurten.
Kanpaina oso positiboa izan da beste batzuekin alderatuta, Erlantz Olabarria Gipuzkoako erlezainen elkarteko kidearen eta Bergarako tranpatzearen ardura izan duen pertsonaren ustez.
Joan den urteko lan-eredu bera mantendu dute aurten ere: 50 tranpa jarri dira herrian zehar banatuta, eta astero egin dute tranpen jarraipena.
Gipuzkoako Foru Aldundiak baimendutako kanpaina izan da, Bergarako Udalak sustatu eta Gipuzkoako erlezainen elkartearekin elkarlanean egin dena.
Lana egiten aritu den erlezainen elkarteko kideak azaldu duenez, estatu mailako daturik onenetakoak dira Bergarakoak. Aurreko kanpainan gertatu zen moduan, asko lagundu du aurretik leku asko identifikatuta zituela dagoeneko Bergarako Udalak, udaltzaingoak egindako lanaren bitartez, eta horrek lana eraginkorragoa izatea ahalbidetu du. Puntu bero horietan egin dute lan, izan ere, urtez urte kokaleku berberak erabiltzen dituzte liztor beltzek apiak kokatzeko.
Beste leku batzuetan frogak egin dituzte, aurretiaz fokuak identifikatuta eduki gabe eta emaitzak oso bestelakoak izan dira, okerragoak.
Liztor beltzak eragiten duen kalteari aurre egiteko moduetako bat da hau. Hemendik hilabete batzuetara ikusiko da erleetan izan duen eragin positiboa, erasoa saihestu delako, baina jaso den liztor kopurua aintzat hartuta, Olabarriaren ustez, emaitza oso ona izango da.
Herriko puntu desberdinetan jarri dira 50 tranpak, bai herrigunean eta baita auzoetan ere. Daturen bat aipatzearren, apirileko bigarren astean harrapatu zen kopururik handiena: 1608 liztor asiar. Gutxien, berriz, tranpak jarri eta astebetera bildu ziren: 68 ale. Olabarriaren arabera, harrapatutakoen %40 inguru dira erreginak.
Erabili diren tranpak komertzialak dira, pertsonentzat kalterik eragiten ez dutenak. Zuhaitzetan jartzen dira normalean. Sustantzia bat botatzen dute ontzira liztor beltza erakartzen duena, baina ez erlea (horrela ekiditen da erleak ere hiltzea). Likidoak erakarri egiten ditu eta ondoren bertan itotzen dira liztor beltzak. Bestelako intsektuak kaltetzea saihesteko tranpei moldaketa txikiak egiten dizkie arduradunak.