Bergarako Labegaraieta kiroldegian jokatuko dute hockey lineako Espainiako txapelketa, eta bertan lehiatuko da eskualdeko Burdinola taldea. Lehiaketan parte hartuko duten taldeak hainbat naziotakoak izango dira, besteak beste, Euskal Herria, Katalunia eta Espainia.

Gorka Artola alkateak eskerrak eman dizkio Burdinola Irristaketa Klubari: “Lan nabarmena egin dute txapelketa antolatzen, eta eskerrikasko ohituraz gurean masiboak ez diren kirolei ikusgarritasuna emateagatik”. 

Bide beretik, azaldu du hainbat aukera on zabaltzen dituela txapelketak: “Nazioarteko txapelketak aritzean aukera emango die bertako gaztetxoei beste leku batzuetako gazteak ezagutzeko, eta aberasgarria da hori”. Hori gutxi ez eta Bergara ezagutarazteko aukera ere ematen dute, enbaxadore ezin hobeak izango baitira. 

Lehiaketara etortzen direnek Bergara ezagutzeko aukera izateaz gain, oroitzapen ona eramango dutelakoan dago alkatea. Eta horregatik ere eskerrak eman dizkie antolatzaileei “Bergara erdigunean jartzeagatik”. 

Joan den urteko txapelketa ere ekarri du gogora: “Emakumeen txapelketa antolatu zutenean genioen moduan, neska-mutilentzat erreferentziak sortzen egiten dute lan; eta eskertzekoa da hori. Gainera, emakumeei dagokien lekua aitortzeko herrian egiten ari garen lanari ekarpena egiten diote”. 

Lehiaketa bihar goizeko bederatzietan hasiko da, eta azken partidak, berriz, igandean jokatuko dituzte. Guztira, hemezortzi norgehiagoka izango dira. Taldeak bi multzotan banatuko dira, eta sail bakoitzeko lau onenek jokatuko dituzte final laurdenak. Burdinola lehen taldean dago, eta lehiakide izango ditu Castellongo CPC Vila-Real, Madrilgo Cantos PC eta Valentziako CP Alas Sagunto taldeak. 

Arloa: