Bergarako Udala-k Or, 2023-02-10 16:58-n bidalia
2022. urteko ZTB jardueren barruan Bergarako Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasle eta irakasleei emakume zientzialarien inguruan lan bat egitea proposatu zitzaien. Lehiaketa formatuan proposatu zitzaien erronka, eta Emakume Zientzialarien Nazioarteko Egunaren (otsailak 11) testuinguruan egin da sari banaketa otsailaren 10ean Laboratorium Museoan.
Emakume zientzialarien erreferente historikoei balioa ematea, bokazioak sustatzea eta genero-arrakala ixten laguntzea helburu duen lankidetza-proiektua da, Lehen Hezkuntzako ikasle eta irakasleen artean gauzatu dena.
9 bideo aurkeztu dira, Mariaren Lagundiko eta Aranzadi Ikastolako ikasleek egindakoak. Bakoitzean 3-5 ikaslek parte hartu dute.
Bideo saritua Ada Lovelace zientzialariari buruz Aranzadi Ikastolako Irati Aperribaik, Mali Juaristik eta Miren Irizarrek egindakoa izan da. Historiako lehen programatzailea izan zela esan ohi da, programazio-lengoaia eta kontzeptu orokorra erabili zuen lehen emakumea izan zelako (baita lehen pertsona ere), edo makina bat kontrolatzeko lehen algoritmoa sortu zuelako.
Landu dituzten gainontzeko emakume zientzialariak hauek izan dira: Angeles Albariño, Hipatia Alejandria, Inge Lehmann, Lisa Randall, Mary Agnes Chase, Marie Curie eta Mileva Maric.
Erabakia hartzea zaila izan da epai-mahaiko kideentzat, lan onak aurkeztu dituztelako guztiek. Hautatutako bideoaren ondorengo ezaugarriak nabarmendu dituzte: formatu erakargarria, egin den lan artistikoa, eta azken finean, daukan komunikazio modua. Parte-hartzailea izateaz gain, edukia kontatzeko moduak atzeko lanketa bat ere egon dela argi erakusten du. Epai-mahaian Bergarako Udaleko Laboratorium museoko, Berdintasun saileko, Komunikazio zerbitzuko, Garapen zerbitzuko eta Miguel Altuna Lanbide Heziketako ordezkari bana egon dira.
Bergarako Alkate orde eta Berdintasun zinegotzi Ainhoa Lete Zabaletak parte-hartzaile guztiak zoriondu eta eskertu ditu egin duten lanagatik, emakume zientzialariak argitara ekarri dituztelako. Egin duten lanarekin, gainera, emakumeen eta zientziaren inguruan aritzeaz gain, talde-lana, komunikazioa, arte espresioa... ere landu dituzte ekimenean parte hartu duten ikasle eta irakasleek.
Genero-arrakala apurtzen joateko guztion lana beharrezkoa dela ere esan die, eta ildo horretan haiek egiten duten lanak duen garrantzia nabarmendu du. “Nahiko genuke zuek etorkizunean aukera izan dezazuen nahi duzuena izateko, eta neskek ez ditzazuen horretarako mutilek baino zailtasun handiagoak izan. Garrantzitsua izango da zuek egiten ari zareten lana”, esan die.