Oxirondoko azokan egon dira gaur, otsailak 16, LH4. mailako ikasleak. Urtero egiten da ‘Erosketak azokan’ ekimena, baina aurten berrikuntza batekin, izan ere, Mireia Alberdi eta Alazne Basterra herriko nutrizionistak eskola guztietan egon dira LH4. mailako ikasleekin fruten eta barazkien kontsumoa lantzen. ‘Mila kolore, mila zapore’ egitasmoaren barruan azken jarduera da azokara bisita.

Elikadura osasuntsua eta azoka lotzen dituen ekimena izanik, sortu berri den elikadura mahaiaren barruan ere koka daiteke. Bertakoa, hurbilekoa, gure baserritarrena eta konfidantzazkoa erosteaz gain, fruta eta barazkien kontsumoan pausu bat aurrera eman nahi izan da.

Txandaka joan dira gaztetxoak azokara, lehenik Aranzadi ikastolako eta Angiozarko eskolakoak, eta ondoren Mariaren Lagundiakoak eta San Martin ikastetxekoak.