Igande honetan, ekainak 27, 12:30ean kontzertua eskainiko du Bergarako Musika Bandak, udal pilotalekuan. Sarrera dohainik izango da, eta etorri ahala banatuko dira, aretoa bete arte. Aurretik, 11:30ean kalejira egingo dute, eguraldiak horretarako aukera ematen badu.

“Legediak, banda amateur-en entsegu eta kontzertuak baimendu ditu berriz, neurri handian Musika Banden Euskal Federazioak egindako lanari esker. Beraz, jarri gara martxan! Oraindik ere egoera delikatu samarra denez, aurrerago hastea nahiago duten kideei, horretarako aukera eman diegu, eta hala ere, 46 kide hasi gara entseatzen (guztira 65 kide dira)”, jakinarazi du Bandak.

Elkarrekin jo gabe daramaten denbora kontuan hartuta (2020ko urriko azken kontzertutik) eta entseguak egiteko baldintzak kontuan hartuta (talde erdiak entseatu dezakegu bakarrik), ezin izan dutela oso obra zailik gertatu azaldu dute. “Adibidez, ezinezkoa izan da, sasoi honetan ohikoa den San Martzial estanpa gertatzea. Hala ere, ohi bezala nahiko kontzertu bariatua gertatu dugu”.

Hauxe egitaraua:

Or-Kompon martxa. Miguel Glz. Bastida.
La millor terra del mon pasodoblea. Ernesto Rosillo.
Donostia euskal pasodoblea. Antonio Peña y Goñi.
When you believe soinu banda. Stephen L. Schwartz (mold: F. Bernaerts).
Zaindu maite duzun hori pop-rock. Ruper Ordorika (mold: E.Txurruka).
The Cream of Clapton pop-rock. Eric Clapton (mold: R. Sebregts).