'EKINola Etorkizuna zure eskuetan lelopean', ekintzailetza jardunaldiak antolatu dituzte Miguel Altuna Lanbide Heziketa Institutuak eta Bergarako Udalak elkarlanean.

Jardunaldi hauen bidez, autoenpleguaren inguruan sentiberatze lanketa eginez, enpresen eta ekintzaileen arteko harremana sortu, elkar-ezagutza sustatu eta negozio ideia berritzaileak partekatu eta landu nahi dira.

Ainhoa Lete alkate ordeak eta sustapen ekonomikoaren zinegotziak Bergarak historikoki izan duen ekintzailetasuna nabarmendu du, “ekimen honekin izaera hori indartu eta sustatu”. Ekintzailetasuna sustatzeko Udalak lantzen dituen ekimenen osagarri da jardunaldi hau Leteren esanetan. “Interesgarria iruditzen zaigu gazteen ekintzailetasuna sustatzea, haien ideiak lagunduz lan munduan txerta daitezen”.

“Lanbide Heziketan ikasleak laneratze bidean jartzen ditugu eta urtez urte ari gara ekintzailetasuna lantzen, eta horretarako antolatu ditugu aurtengo jardunaldiak”, esan du Miguel Altuna Institutuko Ion Zalduak aurkezpenean.

Miguel Altunako Ane Bastidak azaldu du egitaraua: “Ekainaren 7, 8 eta 9an Miguel Altuna Institutuan egingo dira jardunaldiak. Miguel Altuna Lankide Heziketa Institutua eta Bergarako Udalaz gain, kanpoko enpresek ere parte hartuko dute bertan”. Izen-ematea ekainaren 3a baino lehen egin behar da urratsbat@maltuna.eus helbidera idatziz.

Ekainaren 7an ideien bilketa egingo da; ekainaren 8an, berriz, enpresekin hartu-emana eta ekainaren 9an ideien garapena. Hiru egunetako saioak 9:00etatik 11:00etara egingo dira.

Ideia irabazleari 1.000 euroko saria emango zaio.

Programa:
Ekainaren 7an: Enpresetako ordezkariak etorriko dira, horrela, egun berean, enpresen eta gazteen ideiak eta erronkak bateratuko dira, eta ondorengo egunetarako landu beharrekoak adostu.
Ekainaren 8an: Miguel Altuna Institututik sortutako Enpresa ekintzaile adibide bat eta bere negozio eredua erakutsiko dute. Ondoren ideien lanketa egingo da taldeka.
Ekainaren 9an: Mankomunitateko Garapen AgentziakoTeknikariak diru-laguntza eta baliabideen mapa azalduko ditu.