Bergarako Udala-k Al, 2021-05-10 14:10-n bidalia
2019ko abenduaz geroztik dago Bergaran Goyeneche Fundazioak kudeatzen duen Garagunea martxan, Mintegi kalean. Osasun pandemiaren ondorioz ezin izan zuten behar bezalako inauguraziorik egin eta haien lana bergararrei erakutsi. Horregatik, une honetan, egoitza ezagutzera emateko erakunde eta elkarte desberdinak gonbidatzen ari dira, zer diren eta zer lan egiten duten azaltzeko.
Bergarako Udalaren izenean Gorka Artola alkatea, Ainhoa Lete alkate ordea eta ongizateko zinegotzia eta Xabier Legorburu Gizarte Zerbitzuetako arduraduna joan dira eguneko zentroa bertatik bertara ezagutzera.
Irabazi-asmorik gabeko erakundea da, eta bere egitekoa adimen-desgaitasuna duten helduei eguneko arreta-zerbitzua eskaintzea da. Udal ordezkariei azaldu dietenez, “gure misioa adimen-desgaitasuna duten pertsonen bizi-kalitatea hobetzen laguntzea da. Beren helburu eta xede pertsonalak lortzen lagundu nahi diegu, eta, era berean, aktiboki parte hartu ahal izango duten ingurunea sustatzeko lan egiten dugu, gainerako herritarren eskubide berberekin”.
Euren egoitza ezagutu nahi duen edonori bisitan joateko aukera eskaintzen diote.