Urteko garai honetan seme-alabei edo ingurukoei euskarazko liburuak, musika edota jostailu eta jokoak erosi eta oparitzeko aukera paregabea izaten dela kontuan hartuz, Euskarazko Produktuen Katalogoaren edizio berria osatu dute, beste urte batez, Euskal Herriko 105 bat udal eta mankomunitatetako Euskara Zerbitzuk, tartean Bergarakoak. Aurtengoa 22. edizioa da. Bergarako HH-2tik DBH-2ra bitarteko ikasleen familiei banatu zaie dagoeneko. Herriko liburu dendetan ere eskuragarri dago.

Bai web-orriak zein paperezko edizioak, biek ere itxura berriak estreinatu dituzte eta dituen edukiak bi atal nagusitan antolatuak daude: 0-12 urte bitarteko haurrentzako produktuekin osatua bata, eta 12-16 urte bitarteko gazteentzako produktuekin osatua bestea.

Egunotan banatuko dira paperezko edizioaren 70.000 aleak Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroan. Azkeneko urteotan egin den modu berean, paperean editatzen den katalogoak aurten ere bi azal izango ditu: azal batek sarbidea ematen die 12-16 urte bitarteko gazteentzat eskaintzen diren produktuei, eta beste aldeko azalak 0-12 urte bitarteko haurrentzako produktuei eta gurasoentzako materialei. Aurkezpen honi esker produktuen bilaketa nabarmen errazteaz gain, nortasun propioa ematen zaio adin tarte bakoitzari. Jakina, paperezko edizioak ez ditu jasotzen KATALOGOA.EUS web-orrian jasota dauden 2020ko produktu guzti-guztiak, atalka antolatutako hautaketa bat baizik: musika, DVD-filmak, aldizkariak, komikiak, liburuak, jostailu eta jokoak eta gurasoentzako materiala.

Denda birtuala ere bai

KATALOGOA.EUS maiztasunez eguneratzen den web-orria da, argitaratu berriak sartuz, deskatalogatu direnak kenduz eta, finean, jasotako produktuen kopurua etengabe hazten ari da. Dagoeneko 11.000 produktu inguru biltzen ditu 2 atal nagusien artean. Paperezko edizioak bezala, KATALOGOA.EUS web-orriak ere bi atal nagusi ditu: 0-12 urte bitarteko haurrentzako produktuekin osatua bata, eta 12-16 urte bitarteko gazteentzako produktuekin osatua bestea. Eta ez hori bakarrik, atal bakoitzak bere direktorioa du eta, hartara, tipologia bakoitzeko produktuen bilaketa nabarmen erraztu eta hobetzen da produktuak tituluaren, argitaletxearen, autorearen edota argitalpen-dataren arabera bistara daitezkeelako. Azkenean, erabiltzaileak produkturen bat begiz joz gero, argitaletxearen denda birtualera sartzeko manera izango du ‘non eskuratu’ botoian klikatuta.

Urtean zehar argitaratzen diren produktuen berri izan nahi duten interesatuek, Facebook-en bitartez jarraipena egiteko aukera izango dute. Gainera, KATALOGOA.EUS web-orriak buletin elektronikora harpidetzeko bidea ere ematen du, argitaratu berri diren hainbat produkturen erreferentziekin. Azken finean, horixe baita KATALOGOA.EUSen helburua: merkatuan aurki daitezkeen euskarazko produktuak erabiltzaileen eskura modu erraz batean jartzea.

Arloa: