Bidekurutzetako hainbat bizilagunek kezka agertu izan dute kale horretan auto gidari batzuek hartutako protagonismoagatik eta horrek sortarazten dizkien eragozpenengatik.

Astean hainbat auzotar eta Udala batzartu dira gaia lantzeko, eta Udalak neurri batzuk hartuko dituela azaldu die.

Udalaren helburua da kale hori oinezkoek lehentasuna duten plataforma bakarra izatea, oinezkoek zein autoek erabili ahal dutena. Baina jakitun da zenbait auto gidariren jarrerak ez duela hori bermatzen.

Horregatik, honako neurriak hartuko dira:

Ibilgailu batzuen gehiegizko abiadura saihesteko:

-Hegoaldeko sarbidean abiadura murrizteko plastiko batzuk eta seinalea jarriko dira, orduko 20 kilometrokoa.

-Udaltzaingoak azkar doazen ibilgailuen gidariak geldiarazi eta ohartarazpena egingo die; eta oso modu nabarian egin dutenei, isuna. Oinezkoen lehentasuna argi gera dadin:

-Hegoaldeko sarbidean argi-seinale bat jarriko da lehentasunezko pasabidea zeinek daukan garbi adierazteko. Geroago, beharrezkoa balitz, ezkerraldeko bide-banaketaren seinale bat margotuko da eta 'Utzi pasatzen' seinale bana ere.

-Udaltzaingoak Utzi pasatzen seinalea errespetatzen ez duten ibilgailuak geldiarazi eta ohartarazpena egingo die; eta oso modu nabarian errespetatu ez dutenei, isuna. Ibilgailuak aparkatuta edo geldituta luze egotea ekiditeko:

-Gune horretan pare bat minututik gora geldituta dauden ibilgailuei isuna jarri, salbu eta modu nabarian zamalak egiten ari direnean, materialak garraiatzen, erosketak hartzen/uzten...

Zamalan jarduketak arautu eta betearaztea:

-Iparraldeko erpinean (Leturiaren parean) seinale bat jarriko da 3.500 kg-tik gorako ibilgailuek zamalanak bertan egiteko lehentasuna dutela adierazteko 00:00etatik 11:00ak arteko ordutegian.

-Honako establezimenduendako zamalanak egiteko ordutegi bana finkatu da: Dia, Leturia eta Boliñete.

-Udaltzaingoak establezimenduei ezarritako ordutegia kontrolatu eta errespetarazi beharko du.

-Zamalanak aldi berean egiten dabiltzan ibilgailuen kopurua mugatu egingo da.

-Ibilgailu arinak Ramon M. Lili kalean dauden zamalanetarako tokietara bidaliko dira.

-Gune horretan norabidea aldatzeko maniobra egitea ez laga.

-Oinezkoentzat arrisku-egoera sor dezaketen kokapenak zuzendu.

Kontzientziazioa eta jarraipena

Horrez gain, Udalak eskuorri bat argitaratuko du plataforma bakarreko guneak erabiltzeko zehaztasunak emango dituena, eta inguruko merkataritza-establezimenduen bitartez zabalduko da.

Udaltzaingoak askoz presentzia handiagoa izango du Bidekurutzetan, ordutegi zehatz eta zabal batekin. Gainera, astero inguruan izandako inzidentzien gaineko txostena prestatuko du.

Arloa: