Izen-ematea itxita, 3.423 dira Bergaran Euskaraldian izena emandakoak. Guztira 2.833 ahobizi eta 590 belarriprest.

Euskaraldia batzordearen iritziz, "Orain garrantzitsuena hartutako rola ondo betetzea da. Eta ariketa ondo betetzearen barruan pisu berezia du txapa beti bistan eramateak. Asko gara eta komeni da hori bistaratzea".

Dagoeneko izen-ematea itxi da baina norbaiti txapa galdu bazaio, Barrenkaleko lokalean jaso ahal izango du. Lokala asteazkenetik aurrera arratsaldez egongo da zabalik 17:30etik 19:30era.

Kontatu zure bizipenak, kasu eredugarriak, bitxikeriak...

Euskaraldia 11 bizipen, bitxikeria eta esperientzia eredugarri ekartzen ari da. Tarteka zailtasunen bat ere bai. Bergarako batzordekoek horiek jaso nahi dituzte eta partaideei eskatzen diete horien berri ematea bergaraeuskaraldia@gmail.com helbidera idatziz edo telefonoz 943 763661 (Jardun) zenbakira deituz.

Abenduaren 3an amaiera ekitaldia, Seminarixoan 

Euskaraldiari amaiera emateko ekitaldia Seminarixoan izango da astelehenean 19:00etan. Bertan ekitaldiaren balorazioa egingo da, ekimena bultzatzeko egin diren jardueren laburpentxo bat azalduko da eta hamaika egunetan zehar partaideek izandako zenbait esperientzia eta bizipen azalduko dira.