Errekalde jauregiko lorategia berrantolatzeko lanak hasita daude. Lorategiaren ardatz nagusia eta bide sarea osotasunean berreskuratuko da, bai oinezkoena eta baita ibilgailuena ere; arrapalak arinduko dira; euri urak jasoko dira; ureztatze sistema berria egingo da eta argiteriaren azpiegitura berria exekutatuko da, besteak beste. Obrak Artzamendi SA enpresari adjudikatu zaizkio 142.519,81 eurotan (BEZ barne) eta lanak hiruzpalau hilabetetan gauzatuko dira. Errekalde jauregiak ondare izendapena izanda, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Sailaren Ondare Azpisailak 50.227 euroko dirulaguntza eman du obra hau egiteko.

Aurreikusitako interbentzioaren muina da 1840 eta 1917 artean eraikitako Errekaldeko jauregiaren irudia berreskuratzea. Lorategi hau 96/2003 Apirilak 29-ko Dekretuak babestuta dago Bergarako gune historikoko Konjunto Monumental gisa, eta, gainera, Florentziako Gutunaren ezaugarri guztiak betetzen ditu.

Lanak metodologia oso zehatzarekin egingo dira eta bertan dagoen landaretza ekologikoki babestuko da eta berorren ezaugarri eta bizi-luzera aintzat hartuta. Indusketa gehienak eskuz egingo dira landaretzaren sustraiei kalterik ez egiteko. Eta bidezidorren trazatu originalak berreskuratzerakoan bere garaian egindako indusketa arkeologikoaren irizpideak jarraituko dira.

Azpiko terrazan, Jauregitik hurbilen dagoena, lorategi erromantikoa kokatuta dago eta berau berreskuratuko da trazatu leun batekin, modu honetan lur mugimendu txikienak eragiteko. Erdigunean kokatuta daude tamaina handieneko zuhaitzak; hala nola, Atlas-ko zedroa, pagoa eta sequoiak. Inguru horretan ez da apenas interbentziorik egingo dauden azpiegiturak sinplifikatzeko (drenaje sareak, argiteria, ureztatzeko sistema...).