Aurten, bigarrenez hartuko du parte Bergarak Erasmus+ egitasmoan. Proiektu hau Europa mailako proiektua da, gazteen arteko mugikortasuna sustatzeko sortua. Udalak garrantzia handia ematen dio proiektu honi, Bergarako adin bateko gazteei Europara bidaiatzeko aukera ematen dielako; beste herrialde bat ezagutuko dute, ingelesa praktikatuko dute, lagunak egingo dituzte, eta bizi guztian gogoratuko duten esperientzia izango da.

Udalak Erasmus+ programa antolatuko du Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Horbel elkartearekin batera. Iaz Alemaniako Wiesbaden hiriko gazteekin egin zen elkartrukea, eta aurten ere, iazko esperientzia positiboa kontuan hartuta, hiri berarekin errepikatzea erabaki da. Egitasmo hau aurrera eramateko dirulaguntza eskatzen da Europar Batasunean, eta jasotzen den dirulaguntzarekin ia gastu guztiak ordaintzen dira.

Aurtengo gaia izango da 'Gazteak eta sormen artistikoa'. Elkartrukeak bi zati bereizgarri ditu: Wiesbadeneko egonaldia irailaren 3tik 9ra izango da. Bergarako gazteek, hango gazteekin batera, Wiesbaden hiriko aterpetxe batean hartuko dute ostatu. Horren ostean, alemaniarrak urrian etorriko dira Bergarara. Data guztiz itxi gabe dute alemaniarrek, baina asmoa da urriaren 12ko zubia tartean izatea. Hemengo egonaldian Gipuzkoako Foru Aldundiko Zarauzko aterpetxean hartuko dute ostatu bergararrek eta alemaniarrek.

Elkartrukean parte hartzeko baldintzak hauek dira:

-2001-2002 urteetan jaiotakoa izatea (lehentasuna izango dute 2001ekoek).

-Bergaran erroldatua egotea edo bertan ikastea (hemen erroldatutakoek lehentasuna izango dute).

-6 neska eta 6 mutil aukeratzeko ahalegina egingo da. Guztira, 12 bergarar izango dira.

-Prezioa 60€ izango da; gizarte laguntzen hartzaileentzat, berriz, 40€ izango da.

-Ingelesez ondo moldatzea (ez da titulurik eskatuko).

Izena emateko epea: maiatzak 28tik ekainaren 8ra Udal webgunearen bitartez.