San Antonio auzoan, 2 eta 10 zenbakien atarteen bitarteko orubean, urbanizazio lan garrantzitsuak egin behar ditu Udalak. Iaz Udalak San Antonioko auzotarrak deitu zituen batzar batera bertako premiak ezagutzeko. Bilera oso jendetsua izan zen eta ideia asko atera ziren.

Ekarpen horiekin Udalak Zetabi Arkitektura Bulegoa SLPri eskatu zion proiektua idaztea. Eta behin proiektua idatzita esleitu da obra. 104.786 euroko aurrekontua izango du, eta Siesca Construcción y Servicios SA eta Bezel Eraiketa eta Zerbitzuak SL enpresek osatutako UT ak egingo ditu. Hiru hilabeteko epea dauka obra egiteko eta martxoan hasiko dira lanak.

Udalaren asmoa da udalerri guztian hobekuntzak ezartzea, herritarron bizi-kalitatea hobetzea eta herri irisgarriago eta erosoago bat eraikitzea. Horretarako, ezinbesteko giltza da herritarrekin batu eta entzutea. Hala egin dugu oraingoan ere, eta ziur gaude emaitza denon gustukoa izango dela. Laster izango da emaitza guztion begi bistan.

Obra honek asko hobetuko du ingurunea, eta San Antonio kaleko 2 eta 10 atarteen arteko orubeari oso erabilera egokia eman behar zaio.

Asmoa da bertan plazatxo bat eta berdegune bat jartzea. Horrekin lotuta, oinezkoen ibilbidea orube horren erditik bideratuko da; autoentzat gaur egungo 6 aparkalekuei 10 berri gehituko zaizkie eta baita ere bizikletak aparkatzeko mobiliarioa jarriko da. Horrez gain, zebrabidea altxatu eta zabalera emango zaio; farmazia paretik abiatuta errotondaraino errepidea asfaltatuko da eta argiteria guztia berrantolatuko da.

Arloa: