Udaleko Euskara Zerbitzuak eta Udal Euskaltegiak, Jardunekin lankidetzan, bertako euskara lantzeko ikastaroa antolatu dute.

Berba egiterakoan —ume eta nagusiok— egiten ditugun akatsik ohikoenak lantzeko ikastaroak izango dira. Aurretik ere halako ikastaroak egin izan direnez, oraingoan hasierako edota jarraipeneko ikastaroa egin ahal izango da, beti ere, gutxienez, 8 laguneko taldeak osatzen badira.

10 orduko ikastaroak dira, ordu eta erdiko saiotan banatuta. Ordutegiak taldeen arabera antolatuko dira. Eta ikastaroan parte hartzeko matrikula 15 eurokoa da.

Ikastaroaren helburuak dira guraso, zaintzaile, begirale, entrenatzaile, eta abarri euren hizkuntza-akatsak zuzentzen laguntzea; eta umeen akatsak zuzentzeko nagusiek erabil ditzaketen estrategia eta lagungarriak eskaintzea. Izenematea zabalik dago 16 urtetik gorako edozeinentzat.

2017ko azaro-abenduan emango dira ikastaroak, Gabon aurretik. Izena emateko epea bukatu, eta taldeak osatu ondoren zehaztuko dira talde bakoitzaren hasiera eguna eta ordua, eta horren berri emango da. Ikastaroak Udal Euskaltegian emango dira (Barrenkalea, 33. Irizar jauregia).

2017ko azaroaren 22a baino lehen eman beharko da izena. Horretarako, Udal Euskaltegira deitu (943 764 453) edo “Izena emateko txartela” bete eta Udal Euskaltegira (Barrenkalea 33, Irizar jauregia) eraman beharko da.

Arloa: