Merkataritzako eta ostalaritzako hizkuntza paisaian euskarak lekua izan dezan laugarren kanpaina abiarazi dute eta oraingo honetan udalerriko beste 44 komertziok egin dute bat euskara bultzatzeko Idazlaguna egitasmoarekin.

Komertzioko kartelak eta errotuluak euskaratzeko laguntza behar duten merkatariak eta laguntza hori eskaintzeko moduan diren herritarrak elkartzea du helburu Idazlaguna egitasmoak. Dagoeneko, Bergarako ehun bat komertzioak eta 60 bat boluntariok egin dute bat ekimenarekin.

Idazlaguna egitasmoan zabalik dituzte ateak boluntario moduan jardun nahi duten guztientzat eta baita ere programara gehitu nahi duten komertzio guztientzat.

Hiru kanpaina egin dituzte aurretik. Lehenengoa jatetxeekin eta tabernekin; bigarrena janari dendekin; eta hirugarrena jantzien eta oinetakoen dendekin. Oraingoa, laugarrena, bestelako komertzioei zuzendutakoa izango da, eta 44 komertzioak eman dute izena. Bitxitegiak, farmaziak, estankoak, konponketa dendak, altzari dendak, burdindegiak, informatika dendak, tindategiak… daude horien artean.

Kanpainan parte hartzen duten dendatan erosketa egiteak 60 euroko erosketa-txartel baten zozketan sartzeko aukera izango da. Bestetik, hitza eta irudia lotu jokoa antolatu dute, bete beharreko fitxa batekin. Udaletxeko sarreran, kultura etxean, eskoletan eta Agorrosin gunean daude eskuragarri. Fitxa bete ostean horretarako egokitutako kutxatan sartu behar dira edo bidal daitezke bai whatsapp bidez —605 712 469— zein idazlaguna@gmail.com posta helbidera. Parte-hartzaileen artean 60 euroko beste erosketa-txartel baten zozketa egin dute. Bi zozketak azaroaren 7an izango dira.

Arloa: