Asteburu honetan Puntaik Punta Bidezidorren jaialdia ospatuko dugu Bergaran. Ingurumena, senderismoa eta natura oinarri dituen egitasmoaren baitan hamaika ekintza antolatu dira; musika, azoka, kultur jarduerak, bisita gidatuak… Ekitaldi guztiak mendizaletasunarekin lotuta joango dira, eta mendizaletasun horrek eta gizarteak, azken hamarkadetan izandako bilakaera agertzeko saiakera egingo da.

Zentzu honetan, Bergarako Udalak bilakaera hori “Mendizaletasuna eta gizartea” izeneko erakusketaren bidez erakutsiko du. Erakusketa Laboratorium museoan izango da ikusgai, maiatzaren 18tik aurrera, eta bertan, mendizaletasunaren alderdi desberdinak aztertuko dira. Hala nola: Mendizaletasuna eta kirola; Mendizaletasuna eta pertsonaren sozializazioa, Mendizaletasuna eta espiritualtasuna, Mendizaletasuna eta ingurumena, Pol-Polen kide bat: Loli Larrañaga, Mendizaletasuna eta ekonomia eta Mendizaletasunaren egoera gaur egun arloak zehaztu dira. Era berean, Pol-Pol taldearen historiaren urratsik garrantzitsuenak gogoratuko dira, izan ere, urteurren berezian mugilduta dago Bergarako mendi taldea.

“Mendizaletasuna Euskal Herrian fenomeno sozial bat izan dela –eta oraindik izaten jarraitzen duela- ezin da ukatu. Gasteizen eta Iruñean mendi taldeak sortu ziren XX. mendearen hasieran eta zer esanik ez Bizkaian eta Gipuzkoan. Azken honetan ia herri bakoitzean mendi talde bat eratu zen. Bergarak bete betean parte hartu zuen mugimendu honetan eta duela 75 urte herrian Pol-Pol Mendizale Taldea sortu zuten”, agertu dute arduradunek.

Pol Pol taldeak erakusketaren antolakuntzan laguntzen aritu da eta mendizaletasunarekin harreman handia daukaten pertsonen testigantzak egongo dira presente bertan. Mendiarekin lotutako hainbat pieza ere ikusi ahalko dira, gehienak EMMOA (Euskal Mendizaletasunaren Museoa) fundazioak utzita. Erakusketa abuztuaren 27ra bitartean egongo da ikusgai Laboratorium museoan eta Udalak, herritarrak bertatik pasa eta gozatzera animatu nahi ditu.