Santa Marina elizak, euskal gotikoaren adibide paradigmatikotzat hartzen denak, bi epe kronologikotan eraiki zen arren (1542-1607 eta 1648-1672) estiloaren aldetik irizpide bateratua aurkezten du. Bere oinarrizko plantak, ia karratua denak, altuera berdineko baina zabalera ezberdineko hiru nabe ditu. Nabeen arteko bereizketa euskarri monolitiko eta kapitel klasikodun zutabeen bidez egin zen. Kapiteletatik gora nerbio sorta sendoak hazten dira, zeinek hedatuz eta elkargurutzatuz, gangak sostengatzen dituen sare artistikoa osatzen duten. Parrokiari zenbait elementu gehitu zitzaion urteen joan-etorrian:
- 1701. urtean dorre barrokoa.
- XVIII. mendearen bukaeran, Alejo de Mirandak proiektatutako korua, estilo neoklasikoaren espiritua eta berezitasunak bete-betean jasotzen dituen arkitektura lan garrantzitsua.
Arkitekturari arreta jarri ondoren, aldare nagusiko erretaula harrigarria mirestuko dugu. Hau, jauregi barroko aberats baten fatxada gogorarazten duena, benetako arkitektura obratzat egin zen. Bere dekorazioa bikaintzat jo daiteke: predela garaiak, arrokai eta panopliaz ederki apainduta dauden orden erraldoiko lau zutabe ildaskatuek eta egitura mugitu eta kebratuak berezko izaera eta balioa ematen diote. Bere egilea Miguel de Irazusta arkitekto ospetsua izan zen eta 1739 eta 1742 urteen artean jaso zen.
Erretaulako eskulturak, Valladolideko Nava del Rey herrian jaiotako Luis Salvador Carmona artista barroko handiak landutakoak dira.
- Predelaren gainean San Jerónimo eta San Agustinen irudiak ikusten ditugu.
- Gorago, bi hormazulotan Abdon eta Senen martiriak daude.
- Erretaularen erdian Santa Marina.
- Atikoan berriz, Salbatzailearen eskultura daukagu, eta erdian eta alboetan lau bertuteen eskultura ederrak.
Erreparatu dezagun pertsonaien aurpegien espresioetan, berezitasun anatomikoen xehetasunetan eta zurezko mihise fin finak diren jantzien tolesturak lantzeko trebezian, Luis Salvador Carmonaren maisutasuna gozatzeko. Antzeko ezaugarriak ikusiko ditugu alboetako aldareetan dauden Santa Teresaren, Arrosarioko Andre Mariaren eta San Migelen imaginetan, hauek ere Carmonak berak zizelatutakoak dira eta.
Santa Marina parrokiako erretaula nagusi honi esker sartu zen Gipuzkoako erretaulagintzan rokoko estiloa; gainera Euskal Herrian dauden estilo honetako erretaulen artean onenetarikoa da.