Jaiotza: 
1 884
Heriotza: 
1 957

1884ko azaroaren 30ean jaio zen Bergaran. Gazte-gaztetandik itsasoaren deia sentitu eta mendiz inguratutako herri hau utzi egin zuen itsasora joateko. Lekeition jarri zen bizitzen, eta oso gaztea zela zeharkatu zituen itsaso zabalak, eta horrek eragin handia izan zuen betiko bere pinturetan. Hamasei urte bete zituenean itsasoa utzi eta pintore hasi zen. Horretarako, Madrilera joan zen Eduardo Chicharroren tailerrean ikastera. Handik bi urtera Parisera joan zen Julien eta Colarosi akademietan ikasketekin jarraitzera. Parisko egonaldiak berebiziko eragina izan zuen Tellaetxeren margotzeko eran, bere lanek nolabaiteko ukitu inpresionista baitute. Zenbait alderditan Gauguin eta Matisse dakarzkigute gogora.

1911n Euskal Artisten Elkartea sortu zuen beste lagun batzuekin batera, eta garai hartan hasi zen bere pintura berezi-bereziak jendaurrean ikusgai jartzen. Pariseko Aretoan ere egin zuen erakusketa. Handik aurrera, "Bergarako zalduntxoa" (lagunek hala esaten zioten) gehiago bidaiatzen hasi eta Europan hiriburuz hiriburu ibili zen bere arrantzale eta herritarren koadroak erakusten, baina hori bai, Lekeitio, bere inspirazio-iturri handia, utzi gabe. Pertsonaia haiek kartoian irudikatzen zituen gehienetan, estilo argia, modernoa eta aldi berean euskaldun-euskalduna erabiliz. Erakusketak antolatu zituen hainbat herritan:

  • Madrilen.
  • Bartzelonan.
  • Bilbon.
  • Bruselan (Boigelet aretoan).
  • Parisen (Barbazange galerian).
  • Stockholmen (Stromki galerian).
  • ...

1923an Bruno Mauricio Zabalaren erretratua egin zuen Tellaetxek Gernikako Juntetxeko galeriarako, eta geroago Bilboko "La Noche" egunkariko arte-kritikak egiteari ekin zion, kritikari lana sormen-lanarekin uztartuz. Margotzen eta erakusketak antolatzen jarraitu zuen atsedenik gabe, eta 1937an, gerra zibilaren erdian, Europako hainbat hiriburutan ibili zen, Euskal Artearen Erakusketaren buru zela. Parisen bizi izan zen bolada batean, pintatzen eta berriztapen-lanak egiten, eta handik itzulitakoan erakusketa egin zuen Bilboko Delsa aretoan.

Handik gutxira Limara joan zen bizitzera, Peruko Arte Ondare Nazionaleko zuzendari izendatu baitzuten. 68 urte zituen orduan, eta "Bergarako zalduntxoak" ezin izan zuen hainbeste maite zuen Euskal Herria eta hango itsasontzi, arrantzale eta herritarrak berriz ikusi. 1957ko Gabon-gauean hil zen Liman, lan zabal eta eredugarria utziz.