Jaiotza: 
1 885
Heriotza: 
1 948

1885eko abenduaren 6an jaio zen Bergaran Nikolas Muxika, San Pedro kaleko 21.ean (gaur egun 19.a denean). Alejandrino Irureta maisuarekin hasi zen pinturaren munduan eta diru arrazoiak tarteko, dekorazio lanetan hasi behar izan zuen. Beste lan interesgarri batzuen artean, Bergarako hirian ospatu ziren Euskal Jaietan antzeztu zen "Txanton Piperri" antzezlaneko dekoratuak egin zituen. 1914an Eibarko Armeria Eskolaren inaugurazioan paisajista gisa aurkeztu zuen bere burua. Urte batzuk geroago, 1922. urtean hain zuzen ere, itxi egin zuen dekorazioko tailerra buru-belarri pinturaren munduan sartzeko asmoz eta Zarautzera joan zen bizi izatera eta estudioa ireki ondoren, bertan bizi izan zen denboraldi batez. 1924an, Madrilgo museotan ikastera joateko Gipuzkoako Diputazioaren Beka bat lortu zuen.

Paisajista bikaintzat hartu du nazioarteko kritikak. Bere lan ederrak Euskal Herrian egin zituen eta haiekin arrakasta artistiko eta ekonomiko handiak lortu zituen Ameriketan. Erakusketarik onenak Argentinako Errepublika, Txile, Mexiko, Uruguay eta abarretan egin zituen eta ia bere kuadro guztiak herrialde horietan daude, bilduma partikularretan.

Madrileko Arte Ederren Nazio-arteko Erakusketan hartu zuen parte (1926-1932). 1936-39 urteen artean beste lan garrantzitsu bat ere egin zuen, Donostiako Karmeldarren Elizaren pintura-dekorazioa hain zuzen ere; eta 1948ko martxoaren 1ean hil zen Gipuzkoako hiriburuan.

Bere obrari buruz, Cabanas Oteiza, Dunixi, Iñigo de Andia, José Francés, Adolfo Larrañaga eta Juan de la Encina idazle handiek idatzi zuten besteak beste.

Muxikaren pinturan Cabanas Oteiza, Dionisio Azkue eta Arteta berarekiko harreman sintomatikoa antzeman daiteke, baina aldi berean, kutsu liberala, autodidakta eta herrikoia dario bere lanari, eta eklektizismo guztietatik aske dago horri esker. "Eguzki sarrera Getarin", "Isaspimendi", "Aizkorri gaiñak", "Aloñamendi" eta batez ere "Isaspi" izeneko paisajeak ditugu Nikolas Muxikaren izaera poetiko eta sotila adierazten duten obretako batzuk, eta malenkonia liriko handiko ezusteko uneak lortzen ditu.

Margolari fin eta zorrotza dugu "Dunixik dioenez"eta topiko errazetatik ihesi, tinten totalizazio sekretuaren bitartez, azkenean lortzen duen armonia bilatzen du.

Juan de la Encinak, garai hartako ikerle-kritiko garrantzitsuenetakoak, egoki definitu zituen Nikolas Mujikaren figura eta lana: Vasco decidido y valiente, junto a paisajes insignificantes, presenta otros finos y delicados, discretos y bien construidos... Mugica es un vasco decidido y valiente.

Hala delakoan gaude gu ere, bere lanak egin zirenetik mende erdi baino gehiago pasa denean.


_