Jaiotza: 
1 900
Heriotza: 
1 994

Justo Garate Arriola 1900eko abuztuaren 5ean jaio zen Bergarako Barrenkaleko 27. zenbakian eta Argentinako Mendoza hirian hil zen 1994ko uztailaren 2an. XX. mendeko euskal kulturako pertsonaiarik garrantzitsuenetakoa dugu Justo Garate. Mediku bikaina eta Madrilgo eta La Platako (Argentina) unibertsitateetako doktorea izan zen. Espezializazio-ikasketak egin zituen Friburgo, Paris, Berlin, Heidelberg eta Munichen. Mediku jardun zuen Bilbon eta Argentinako Tandil eta Mendoza hirietan. Aldi berean, klaseak eman zituen Basurtoko ospitaleko unibertsitate-eskolan, eta Mendozako Unibertsitateko Medikuntza fakultateko Klinika Medikoko katedradun izan zen.

Joera unibertsaleko jakintsua zen, eta medikuntzaren alorrean psikologia, patologia, pedagogia medikoa eta medikuntzaren historia jorratu zituen. Bere jakin-min amaiezina ase nahian biologian, botanikan, zoologian eta geografian sakondu zuen, eta Euskal Herriari zion maitasun handiaren ondorioz, euskal filologia, historia eta etnografia ikertu zituen.

Zientziaz zuen ezagutza sakondu nahian, Europa eta Estatu Batuetako ikerlari eta pentsalari ezagunenen lanak irakurtzeari ekin zion, eta asko itzuli ere egin zituen, 9 hizkuntza baitzekizkien. Ikerlari emankorra izan zen. 10 liburu idatzi eta 620 lan eta idatzi baino gehiago argitaratu zituen.


Ekarpen handiko intelektuala

Intelektual konprometitua izan genuen Garate, eta lan handia egin zuen gerra aurreko euskal kultura suspertzeko funtsezkoa izan zen erakunde batean: Eusko Ikaskuntzan. 1921ean Euskal Unibertsitatea sortzearen aldeko agiria sinatu zuen eta 1932tik aurrera Eusko Ikaskuntzako batzorde iraunkorreko kide izan zen Jose Migel Barandiaran, Arturo Kanpion, Serapio Mujika, Julio Urkixo, Anjel Apraiz, Sebero Altube, Manuel Lekuona, Manuel Irujo eta Telesforo Arantzadi bergararrarekin batera.

1931ko hauteskundeetan Eusko Abertzale Ekintzako (EAE-ANV) hautagaia izan zen errepublikarrek eta sozialistek sortutako taldean. 1936an, Jose Antonio Agirre Lehendakariaren aginduari jarraiki, Bilboko Medikuntza Fakultatea sortu zuen beste hainbatekin batera. Fakultate hura Euskal Herriko Unibertsitatearen lehen oinarria izatea nahi zuten.

Argentinara erbesteratzerakoan ere lan handia egin zuen:

  • 1940an lehen Euskal Jaiak antolatu zituen Tandil hirian, erbesteratuentzat dirua biltzeko asmoz.
  • Berebiziko garrantzia izan zuen Garatek hara joandako euskal intelektualen artean, idazlan ugari idatzi zituelako.
  • Gainera, 1950ean "Instituto Americano de Estudios Vascos" elkartea sortu zuelako Buenos Airesen. Elkarte hartan erbestera ihes egindako idazle, artista eta ikerlariak bildu ziren, eta euskal kulturaren sugarra ez itzaltzea lortu zuten horrela.

Euskal Herriko zientzia- eta kultur erakundeek hainbat sari eman zioten Justo Garateri bere lanengatik eta euskal kulturari egindako ekarpen ikaragarriarengatik: Ohorezko Euskaltzain izendatu zuten eta Bilboko Zientzia Medikoen Akademiako kide, 1987an Eusko Ikaskuntzaren Manuel Lekuona saria jaso zuen eta, azkenik, Euskal Herriko Unibertsitateak honoris causa Doktore izendatu zuen.

Justo Garatek Thoreau filosofo estatubatuarraren, Humboldt filologo alemanaren eta Goethe poeta handiaren lanak itzuli zituen. Europa eta Ameriketako 30 akademia eta zientzi elkarte baino gehiagotako kide izan zen. Argentina ederki ulertu eta barneratu zuen, eta biziki maitatu, bere bigarren aberritzat hartzeraino. Hala ere, Bergara bihotzean izan zuen beti. Bere lanean ongi ikusten da hori guztia, jaioterria askotan aipatzen baitu testuetan, batez ere filologiari buruzkoetan: Bergarako toponimo asko eta asko aztertzen ditu. Historiari buruzko azterketetan ere hizpide hartzen du Bergarako herria, eta Errege Seminarioak XVIII. mendearen amaieran egindako aurkikuntza zientifikoez mintzatzen da luze-zabal, garrantzi handiko gertakari historikotzat baitzituen. Bergararentzat zuen azken egitasmoa KULTURAREN HIRI titulua lortzea zen, bere iritziz, bai gure historiak bai gure kulturaren oparotasunak merezi baitzuten izendapen hori.

Bergarako herriak ere bihotzean du itzal handiko seme hau. Horrela Bergarako Udalak, 1987an oroitzapenezko plaka jarri zuen bere jaiotetxean eta 1992an Justo Garate Beka sortu zuen soziologia, historia eta euskal filologiako alorretan euskarazko ikerketak bultzatzeko. Urtero ematen da aipatutako beka. 1993an argitaratu zuen Garateren azken lana: Un crítico en las Quimbambas.

Joan zen mendearen amaieran zendu zen Justo Garate, eta XX. mendeko euskal kulturan funtsezkoa izandako bergarar handi honen omenez, eta bere izena geroan ere gogora dezagun, Bergarako Udalaren osoko bilkurak ondorengo erabakiak hartu zituen 1994ko uztailaren 26an:

  • Justo Garate Arriola jauna (Bergara 1900-Mendoza 1994) Bergarako seme kuttun izendatzea.
  • Aurki egitekoa den plaza bati "Justo Garate Plaza" izena jartzea.

Bergaran jaio zen Justo Garate. Jaioterria bihotzean izan zuen beti, mundu osoan zabaldu eta bere bizitzako egun guzti-guztietan gogoratu zuen. Bergarako herriak eta bergararrok beti izan dugu Justo Garate gizon eredugarritzat, bergarar zintzoa, eskuzabala, abertzalea, euskalduna, euskaltzalea eta zuzena izan zelako eta Bergara eta Euskal Herriaren izenak mundu osoan ezagutarazi zituelako, zuzentasuna, ohorea eta egia beti lagun zituela.

Aintza on Justori eta eskerrik asko.