Jaiotza: 
1 516
Heriotza: 
1 573

Aita Araotz Bergaran jaio zen 1516an, eta San Ignazioren hamabigarren ikaskidea izan zen. Magdalena Araotz Zabalaren lehengusu txikia zen, Martin Gartzia Loiolaren (San Ignazioren anaia zaharraren) emaztearena, hain zuzen. Salamancako unibertsitatean egin zituen ikasketak, eta mutil argia zela erakutsi zuen. Unibertsitate hartako doktore zela, borla utzi eta Jesusen Lagundiko abitua jantzi zuen. Predikari bikaina izan zen, eta baita Felipe II.aren gaztetako aholkularia eta Portugalgo Joana erreginaren eta gerora Martzelo II.a Aita Santua izan zen Santa Cruz kardinalaren aitor-entzulea ere.

Dohain ugari zituen, eta ezagunak gainera. Baina ezezagunagoak diren beste zenbait ezaugarri ere bazuen: azkarra, zuhurra, etorri handikoa eta oroimen bikainekoa zen.

Erregeak Toledoko artzapezpikutza eskaini zion, eta ezetz erantzun zion, askatasun eta irmotasun handiz. Lagundiko 15 ikastetxe ireki zituen Espainian. Azkenean, soseguan eta bakean, Jainkoaren esku utzi zuen bere arima 1573ko urtarrilaren 30ean, 57 urte zituela. 34 eman zituen Lagundian, horietako 20 Espainiako lehen Komisario Orokor karguaz.