Jaiotza: 
1 867
Heriotza: 
1 952

Eustakio Agirreolea 1867ko irailaren 19an jaio zen. Gurasoek, Juan Agirreolea eta Margarita Danboreneak, La Vergaresagozotegia ireki zuten. Oso entzute handiko gozotegia zen, eta 1897ko irailaren 21ean Errege Etxearen eta Patronatuaren Intendentziak Juan Agirreolea Errege Etxearen hornitzaile izendatu zuen eta gozotegiko salgai, ordainagiri eta etiketetan errege-armarria erabiltzeko baimena eman zion. Eustakio hamar anai-arrebetan zaharrena zen. Garai hartan gozotegian lanean hastea izango zen normalena, baina Eustakiok nahiago izan zuen beste bide bat hartu eta familiaren dendan Felix "gozogilea zen2 eta hiru arreba -Eufemia, Manolita eta Marciala- geratu ziren.

Eustakiok Bergarako eskola publikoan egin zituen lehen ikasketak. Gero, Jose Migel Olazabalen marrazki-akademiara joan zen. Akademia 1878ko urtarrilaren 24an inauguratu zuten eta onartuen lehen zerrendan 52 ikasle agertzen ziren guztira, horien artean Eustakio Agirreolea. Gero Donostiara joan zen, 1883ko abuztuan. Pintura klaseetara joaten hasi zen, Udalak 1879an sortutako Donostiako Arte eta Ofizioetako Eskolara. Mendizabal izan zen bere irakaslea "La Voz de Guipúzcoa" egunkarian 1892eko apirilaren 24an argitaratu zuten "Figuras guipuzcoanas (Instantáneas)" artikuluan jasotzen zenez.

La Voz de Guipúzcoa egunkariko artikulu horrek zioenez, Agirreoleak "Notarik onenak, sariak eta diplomak lortu zituen". Beraz, badirudi Eustakiok Arte eta Ofizioetako Eskolako arte-alorreko bost urteak bukatu zituela eta Joakin Lizasoaini (Udaleko zinegotzia zen) margotutako koadroarengatik aparteko saria eman ziotela. Arte-ikasketak 1888an bukatu zituen, baina 1890ean Europako beste herrialde batzuetara joan zen trebatzen jarraitzera:

  • Parisen izen handiko ikastetxe batean, Academia Julian-en, aritu zen ikasten.
  • Gero Erromara joan zen, agian gehiago ikastera, eta bertan artista handiak eta kultura klasikoa zuzenean ezagutu zituen. Erroman ez zuen, ordea, egonaldi luzerik egin, 1891ko apirilean Bergaran baitzegoen jadanik.

1891ko apirilaren 30ean Juliana Josefa Arana Jauregirekin ezkondu zen, Santa Marinan. Barrenkaleko 19. zenbakira joan ziren bizitzera eta beheko solairuan negozioa ireki zuen: drogeria, perfumeria eta pintura- eta argazki-tailerra. Lan eta diru gehiago lortzeko, pintore eta dekoratzaile izateaz gain, argazkilari lanetan ere hasi zen. Ildo horretan, Eustakio Agirreoleak hainbat argitalpenetarako atera zituen argazkiak, betiere enkarguz: adibidez, Bergarako oinetxeetako armarriei buruzko lana egin zuen Juan Carlos Guerra genealogistarentzat, 1896an Arrasaten Euskal Jaiak egin zituztela eta, Euskal-Erria aldizkarian bere argazkiak argitaratu zituzten eta Angiolillo anarkistari ere argazkiak atera zizkion Bergarako kartzelako gelan, Cánovas del Castillo hiltzeagatik exekutatu baino une batzuk lehenago.

San Martzial ermitako bi koadroak, San Pedro eta San Paulorenak (1887), dira bere lehenetariko lanak. Donostiako Arte eta Ofizioetako Eskolan ikasten ari zela egin zituen, Parisera joan aurretik beraz. San Blasen ermitako San Matias eta San Juda Tadeoren irudiak (1889) berriz, Oxirondoko Santa Marina parrokiako sakristiako apostolu barrokoen kopiak dira.

Baina Agirreolearen lehen lan handia Antzuolako Errukizko Amaren eliza dekoratzea izan zen (1891). Parisetik itzulitakoan egingo zuen seguruenik. Erdiko nabearen abiapuntua apaintzeko eskatu zioten, eta onartu eta gai klasiko bat aukeratu zuen: lau ebanjelistak margotu zituen, bakoitza petxina batean, ikonografia tradizionalari jarraituz. Sinadura eta data (E. de Aguirreolea Año de 1891) handiak dira eta erdialdean daude. Dirudienez, garai hartan Bergarako Mariaren Lagundiaren kapera apaintzen ere lagundu zuen.

1901eko lan-multzorik onenetakoak Angiozarreko San Migel elizakoak dira. Agirreoleak bi koadro handi margotu zituen presbiterioko bi hormetan. Koadro bat Familia Santuari buruzkoa da: goialdean euskaraz idatzitako filakteria du, eta San Pauloren irudia gainean. Aurreko horman San Joseren heriotza ikusten da, eta hor ere euskaraz idatzitako filakteria du San Pedroren irudiaren azpian. Bistakoa da dekorazio guztiak multzo bakarra osatzen duela: erretaularen goialdean San Joan Ebanjelistaren irudia dago, kupulan aingeruenak eta hormetan landareak, zerrendak eta girlandak. Hormetako bi pinturak sinatuta daude (E. de Aguirreolea), eta data 1901 da.

Angiozarko Elizamendi ermitan ere Agirreolearen lanak daude. Sinadura badute, baina datarik ez. Dena den, garai berekoak izango dira ziur aski. Batetik, Artzainen Gurtzari buruzko koadroa barrokoko ereduen kopia garbia dugu, eta bestetik, aldarearen alde banatan dauden Jesus eta Mariaren Bihotz Guztiz Santuen lanak aipatu behar dira. Bigarren gaia oso hedatuta zegoen orduan. 1905ean beste bi lan egin zituen, biak erlijiosoak ohiko zuen moduan. Lehenengo lana handia da eta Oxirondoko Santa Marina elizako koruan dago. San Martin Agirreren martirioa irudikatzen du. Bigarren lana (hori ere sinatuta dago eta data 1905 da) San Martzialeko ermitan dago. Loiolako San Ignaziori buruzko koadroa da: gorputz osokoa eta ikonografia tradizionalari jarraituz egina.


Argazkilaritzan ere trebe

XIX. mendeko azken hamarkadan eta XX. mendeko lehenengoan argitalpen batzuentzako argazkiak ateratzen hasi zen. Euskal Erria aldizkaria, Antonio Arzak donostiarrak 1880an sortua, izan zen horietako bat. 1896an "Mondragoi-ko oroitza: bersolariak" argitaratu zuen eta 1905ean Bergarako ikuspegia eta San Pedroko Kristoaren erreprodukzioa. Harrigarria bada ere, Eusko Ikaskuntzak 1918an Oñatin egindako Biltzarra heldu arte ez dugu Agirreolearen arte-lanei eta argazkiei buruzko berririk. Pintura-saila izan zen lan gehien bildu zituenetako bat: 300 baino gehiago. Orduko pintorerik garrantzitsuenek hartu zuten parte: Ignazio Zuloagak, Zubiaurre anaiek, Jose Etxenagusiak, Aurelio Artetak, Paulo Urangak eta hainbat artista gaztek, hala nola, Carlos Landi eta Jesus L. Apellaniz gasteiztarrak. Agirreoleak Elosegi seme-alaben esku zegoen lan bat bidali zuen: "Gabriel Maria Mendizabal" (206. zenb.). Bergarako udaletxeko koadroaren (Goyarena dela uste izan da) kopia dela uste da. Argazki eta grabatuen sailean "Luis Carrilen erretratua (argazki handitua)" aurkeztu zuen.

Eustakio Agirreoleak Eusko Ikaskuntzaren Biltzarrekin harremana izaten jarraitu zuen eta 1926ko udan Eusko Ikaskuntzaren IV. Biltzarrean hartu zuen parte. Gasteizen egin zuten "Lanbide Orientazioa eta Irakaskuntza" kongresuan, uztailaren bukaeran, Arte eta Ofizioetako Eskolan.

Irakasle-lana da Eustakioren alderdirik ezagunenetakoa. Marrazki-irakaslea zen eta bergarar askori eman zizkien eskolak urteetan zehar. Arte eta Ofizioetako eskolak ere garrantzi handia izan zuen Eustakioren bizitzan eta han egindako lanak emaitza ugari eman ditu Bergaran:

  • Lehen ikasturtea 1903-1904 izan zen. Irakasgai hauek ematen zituzten: aritmetika, geometria, marrazki lineala, irudien marrazkiak eta apaingarrien marrazkiak.
  • 1913-1914 eta 1918-1919 ikasturteetan beste gai bat ere erakutsi zuten: paisaien marrazkia.
  • 1924-1925etik aurrera ikasleek tailatze- eta mihiztatze-eskolak ere izan zituzten aukeran. Eustakiok hiru gai ematen zituen: paisaien marrazkiak, tailatzea eta mihiztatzea.
  • 1928ko urtarrilaren 17an Eustakio Agirreoleak, eskolako zuzendaria zen aldetik, Kristo etzanaren eskultura egiteko materialak erosteko eskatu zuen. Material horiekin, maisuak eta ikasleek denok ezagutzen dugun Kristoa egin zuten, San Pedroko koroan dagoena, alegia.

Alor horietan guztietan lan egiteaz gain, garaiko kultur eta politika-bizitzan era aktiboan hartu zuen parte. Bere jarduerak bere konpromisoaren adierazle dira. Eustakio, batetik, fede handiko gizona zen, eta bestetik, abertzalea. 1897ko otsailaren 11ko udalbatzaren aktetan San Martinen omenez egindako funtzio zibiko-erlijiosoak aipatzen dira. Zera jasotzen dute: gauez, plazako argi guztiak itzali egin ziren eta Eustakio Agirreolea artista atseginak prestatutako koadro disoloanteak agertu ziren. Oso barregarriak ziren. Tarteetan, errepertorioko pieza bikainak jo zituzten musika eta danbolinaz. Bere anaia Fidel, Bilbon egon zen eta handik ekarri zituen Bergarara Sabino Aranaren ideiak. Zubietako Arando tabernan hasi zen biltzen lehen nazionalista-taldea. Eusko Alderdi Jeltzaleak 1904ko abenduaren 12an ireki zuen lehen egoitza Bergaran, Bidekurutzeta kaleko 7. zenbakian (egungo Lonbide dendaren gainean). Pilar Murgoitiok adierazi zuenez, Eustakio Agirreoleak pintatu zuen lokala. Bergaran 1905ean egin zituzten Euskal Jaietarako erakusketa etnografikoa, opera eta argiteria antolatu zituen.

Gerra piztu zenean, Eustakio Agirreolea Donostiara joan zen bizitzera. Udal-artxiboan daude dokumentu guztiak: 1936ko abenduaren 15ean Eustakiok eta bere familiak udalean baja emateko egin zuten eskaria, eta Udalak urte bereko abenduaren 19an biztanleen erroldan jadanik baja eman ziela jakinarazteko bidalitako oharra. Horrela, Donostiara joan zen, bere emazte Juliana eta alaba Nati eta Mirenekin. Familiakoek diotenez, Donostian atxilotu egin zuten, baina egun gutxi eman zituen kartzelan, familiak egindako gestioei esker.

Handik urte batzuetara, Bergarako Arte eta Ofizioetako Akademian izan zituen ikasleek omenaldia prestatu zioten. Simon Arrieta pintorea, eta dizipulua, izan zen sustatzailea. 1947ko irailaren 21ean egin zioten omenaldia. Ikasleek oparitutako sinadura-liburua eta egun hartan egin ziren diskurtsoen zirriborroak gordeta dauzka familiak. Horra zer dioen zirriborro batek: "Gaur hemen bildu gara On Eustakio Agirreolearen ikasleok konbentzionaltasun-arrasto izpirik gabe, geure borondatez eta bihotzez, bestelako helbururik gabe. Egia esan, bazen zor geniona aitortzeko garaia! Gure eskerrona nahi diogu adierazi, eta gurearekin batera Bergarako herriarena, gure herrikide ospetsuari".

Eustakio Agirreolea Donostian hil zen, 1952ko apirilaren 1ean.

 

 

"Eustakio Agirreolea: Pintorea eta Argazkilaria"
Edizioa: Bergarako udala - 2000; Testuak: Ana Arregi Barandiaran, Mikel Murgizu Bakaikoa, Arantzazu Oregi Goñi, Pablo Ruiz.