Eguna eta ordua: 
Urriak 19, Asteazkena, 19:00etan
Non: 
Irizar jauregia

TXERRA RODRIGUEZ.- Emuneko hizkuntza aholkulari legez egiten du lan, ahaztu barik soziolinguistika teorikoa eta, batez ere, soziolinguistika horren dibulgazioa. “Sutondoko kontuak” bere lehen liburua aurkeztuko digu: “Txatalez osatutako liburua duzu hauxe, irakurle. Sutondoetan izaten diren elkarrizketen antzera, anabasa nagusi dela ematen du orri hauetan. Hala ere, dena hari ikusezin batek lotzen du: soziolinguistikak eta haren dibulgazioak. Izan ere, soziolinguistikaren erpinetatik edan, digeritu eta zuei botatakoak dira berba hauek guztiak. Istorioak txirikordatzen dira liburuan, batzuetan umore beltzetik, beste batzuetan gordinetik. Josi eta jostatzen. Utopiatik errealitate gordinera, ametsetik ezintasunera maiz. Baina ilusioak eta kemenak blaitzen dituzte liburu honen istorioak. Liburuan, gainera, ez dago disimulurik. Sutondoko lapikoetan zer dagoen argi erakutsi nahi izan du egileak, bere ikuspuntua argi utzi du, han eta hemen egin dituen lapurretetan, baita berak esandakoetan ere. Sutondora batu eta supazterrera arrimatu, su berriak pizten eta su zaharrak mantentzen. Garenaren eta izan nahi dugunaren arteko amildegian zorrotz. Berbatik berbara saltoka adarrik adar, baina euskaltasun berriaren enborrari lotuta”.