Eguna eta ordua: 
Azaroak 24, Astelehena, 20:15etan
Non: 
Irizar jauregia

Proiektu honen iturria herritar talde batek Bergaran euskara bultzatzeko egitasmoren batean parte hartzeko azaldutako gogoa da. Proposamen haren haritik, lantalde bat osatu eta herriko euskararen hutsuneak aztertu eta horiek gainditzeko bideei buruzko gogoeta egin da.

Gogoeta horretan agertutako hutsuneen artean merkataritzako hizkuntza paisaian euskarak izandako atzerakada nabarmendu da. Atzeraka horren arrazoien inguruan honakoak azaldu dira, besteak beste:
– Dendari batzuen gaitasun falta, ziurtasun falta, gaztelaniaz erosoago sentitzea…
– Bezero euskaldunen eskaririk eza. Bezero askok nahiago izatea kartel horiek euskaraz ere egotea baina nahi hori ez adieraztea dendariei.
Hala, beraz, egoera hori hobetzeko asmoz dator proiektu hau.

PROIEKTUAREN HELBURUAK ETA NONDIK NORAKOAK

Herriko denda, jatetxe, taberna eta abarretako hizkuntza paisaian euskara indartzea eta, ahal den neurrian, nagusi izatea da proiektu honen helburua.
Horretarako, alde batetik, herritarren eskaria helarazi nahi zaie eta, bestetik, baita laguntza eskaini ere.
Helburu horrekin, dendari eta ostalariek euren negozioetan jendaurrean erabiliko dituzten testuak euskaraz idazten lagunduko dien herritar boluntarioen sarea osatu nahi da, gaur egun herrian martxan dagoen Berriketan mintzapraktika programa arrakastatsuaren antzeko formatuarekin.