webmaster-k Og, 2026-05-14 09:53-n bidalia
Bergarako Udalaren legegintzaldi planaren baitan, ingurumenaren kontserbazioa, zaintza eta etorkizun jasangarri baten aldeko konpromisoa lehentasunezko ardatzetako bat da. Ildo horretan, Udalak landa lurren erosketa deialdi berria jarri du martxan, lur pribatuak ondare publiko bihurtzeko helburuarekin.
Deialdi honetara edozein lur jabe aurkeztu ahal izango da, eta eskaerak aurkezteko azken eguna ekainaren 22a izango da. Ekimen honen bidez, Udalak landa lurrak eskuratu nahi ditu, bereziki garrantzi ekologikoa duten eremuetan biodibertsitatea zaindu eta areagotzeko ekimenak sustatzeko, baita lurzoru emankorrak babestu eta mantentzeko ere.
Gaur egun, Bergarako landa lur publikoen %18,8 azken bi legealdietan eskuratu dira, guztira 54,3 hektarea. Horrek agerian uzten du Udalak natur ondarea babestearen alde egin duen apustu sendoa azken urteotan.
Neurri honen bidez, Bergarako Udalak udalerriko natur ondarea indartu nahi du, etorkizuneko belaunaldientzat balio handiko espazio natural eta produktiboak bermatuz. Era berean, ingurumenaren babesaren eta lurraldearen erabilera jasangarriaren aldeko politika publikoak sendotzen jarraitzeko konpromisoa berresten du.
Informazio gehiagorako: https://www.bergara.eus/eu/node/21849

