Bergarako Udalak bi laguntza lerro jarri ditu martxan 2026an herriko ekosistema ekonomikoa sustatzeko: alde batetik, enpresa berriek lokalen alokairurako laguntzak (20.000 euro), eta, bestetik, Eragin programa, Bergaran kokatuta dauden edo kokatu nahi duten enpresentzat (30.000 euro). Guztira, 50.000 euroko aurrekontua bideratuko da.

Alokairurako laguntza, enpresa berriei bultzada emateko:
Programa honek enpresa berrien jarduera abiatzeko lehen urratsa erraztea du helburu, batez ere hutsik dauden lokalak berreskuratzeko, eta belaunaldi arteko erreleboari laguntzeko. Bergaran jarduten duten edo jardun nahi duten enpresek jaso ahal izango dute laguntza hau, baita jarduera eskualdatu duten enpresek ere, betiere 2025eko urtarrilaren 1etik aurrera sortuak badira.

Eragin programa: Bergaran errotutako enpresentzat
Bigarren dirulaguntza-lerroak jarduera ekonomikoa mantendu eta indartzea du helburu herriko merkataritza eta industria guneetan. Honako baldintzak bete behar dira laguntza hau eskatzeko: lantokia Bergaran egotea, baita egoitza soziala eta fiskala ere; zerga eta gizarte-segurantzako betebeharretan egunean egotea; eta sexuaren ziozko diskriminaziorik ez egotea, besteak beste.

Laguntza honen bidez ekintzailetza, negozioen erreleboa eta enpresek dituzten proiektu berritzaileak sustatu nahi dira

Interesdunek eskaera egin dezakete Bergarako Udalaren erregistro elektronikoaren bidez 2026ko abenduaren 1era arte.

Oinarri guztiak eta informazio zehatza eskuragarri daude hurrengo loturan: https://egoitza.gipuzkoa.eus/gao-bog/castell/bog/2026/04/23/c2602279.pdf