Bergarako Udala-k Al, 2022-02-14 12:35-n bidalia
Ainhoa Lete jarduneko alkateak eta Arantzazu Oregi udal artxiboaren arduradunak prentsaurrekoan aurkeztu dituzte Bergarako udal artxiboa herritarrei gerturatzeko egingo diren hainbat ekimen. Testuinguru horretan webgunea ere berritu du artxiboak, informazioa are eskuragarriago jarriz. Herritarren parte-hartzea sustatzeko proposamenak ere egingo dira.
“Ondarea gordetzea garrantzitsua da, eta uste dugu horretan Bergarako artxiboa eredugarria dela. Urtetan egindako lanari esker erreferentea izan daitekeena. Gordetzearekin, baina, ez da nahikoa. Ondare hori ezagutaraztea eta guztien eskura jartzea garrantzitsua baita, bereziki belaunaldi berriek izan dezaten haien herriaren ezagutza eta kontzientzia”, azaldu du jarduneko alkate Ainhoa Letek.
Leteren esanetan helburua da Bergarako udal artxiboa “kalera ateratzea” eta herritarren eskura jartzea. Horretarako ekimen desberdinak egingo ditugu. Argazkiak kalera ateratzen, hasitako bideari jarraituz, artxiboan dauden argazki batzuk tamaina handian herriko leku esanguratsuetan jarriz, gure historia ezagutaraziz eta aitortuz, esaterako.
Herritarren parte-hartzea ere bultzatu nahi du Udalak, deialdi desberdinak eginez. Esaterako, argazkietan dauden pertsonak eta lekuak identifikatzen lagun dezaten eskatuz herritarrei. Edota esku-izkribuak transkribatzeko proposamena eginez. Gazteei zuzenduta ere, material didaktikoaz gain, erakargarriagoa egingo zaien ‘Escape room’ birtuala proposatuko da.
“Askotariko profilak dituzten hartzaileen beharrei erantzungo dien http://www.bergarakoartxiboa.eus/ webgunea ondu dugu, orain arte zegoena eraberrituta, hilabete askoren lanaren ondoren”, nabarmendu du Letek.
Udal artxiboaren arduradun Arantzazu Oregik azaldu duenez, “milaka dokumentu, material mota desberdinetakoak, dauzkagu dagoeneko digitalizatuta, adibidez, 23.000 testu baino gehiago eta 36.000 argazki baino gehiago. Horiek eta gehiago daude eskuragarri”.
Hilabeteetako lanaren ondoren, webgune berritua du Bergarako artxiboak orain, itxura aldaketaz harago, funtzionalitateak gehituta dituena, eta erabiltzeko errazagoa dena. Modu honetan, behar desberdinak dituzten pertsonei erantzuteko prestatuta dago. Oinarrizko bilaketak egin nahi dituen herritarrak erraz egin dezake, eta ikerketarako bilaketa aurreratuagoak egin behar dituenak horretarako aukera ere badu. Aipagarria da funtsa ikusteko erakusten den formatua. Alde batetik bestera, eta goitik behera eginda, aukera ematen du bilatzen ari zaren dokumentu horren testuingurua ere ezagutzeko, eta hori ikerketan oso baliagarria da.
Argazkiak zuzenean deskargatzeko aukera dago orain, Creative Commons 4.0 lizentziapean.
Euskarari ere lekua egiten ari zaio. Argazkien azalpenak elebitan daude eta udal funtsaren erdia dagoeneko euskaratuta dago.
Webgunean bertan ere parte-hartzeko aukera ematen da. Esaterako, esku-izkribuak transkribatzen. XIX. mendera arteko dokumentuak eskuz idatzita daude, eta askotan norberak transkribatu behar ditu irakurri eta ulertu ahal izateko. Pertsona batzuk hori egiteko zailtasunak izan ditzakete, eta orain eskura dagoen iturriak.eus tresnaren bitartez, aukera dago transkripzioak elkarlanean egiteko eta besteen eskura uzteko.
Lehen aipatutako argazkietako lekuak eta pertsonak identifikatzeko atala ere badago. Tarteka, Udalaren sare sozialen bitartez argazki jakin batzuk lantzeko deialdia egingo zaie herritarrei, baina norberak nahi duenean ere egin dezake webgunearen bitartez.
Material didaktikoa ere osatzen ari da, eta une honetan dauden gaiei gehiago gehituko zaizkie. Hauek, gainera, beste eragile batzuekin elkarlanean lantzen dira, Laboratorium Museoarekin, adibidez, bertan egiten den gai konkretu baten lanketan lagunduz.